Alain Kortabitarte Basque Teameko skaterrak Pariseko Jokoetarako txartela lortu du
Alain KortabitartePeio Gonzalezek aukerekin jarraitzen du eta bere aurkari zuzenek bihar egiten dutenaren mende dago
Alain Kortabitartek bere lehen Jokoak izango direnetarako, Pariseko Jokoetarako, txartela lortu du, park modalitatean. Egun hauetan Budapesten jokatzen ari den preolinpikoko proban lortu du pasea.
Egun hauetan Hungariako hiriburuan BMX, kirol eskalada, breakdance eta skateboarding modalitateetan Pariserako plazak erabakiko dituen bigarren serie olinpikoa jokatzen ari dira. Lehenengo seriea Shanghain jokatu zen maiatzean.
Gipuzkoarra finalerdietarako sailkatu zen Txinako hitzorduan eta 45.726 puntu lortu zituen. Lehen faseko 3.125 puntuekin batera, sailkapen olinpikoa eman diote, nahiz eta Budapesteko proban sailkatze kanporaketa gainditu ez duen. Hungarian Alain erori egin da eta ez du bere lehen bi txandetako bat ere osatu. Lehenengoan 24.33 batekin baloratu dute bere lana, eta bigarrenean 31.63ko batekin. Hirugarrenean publikoak asko gozatu du bere jardunarekin eta epaileek 72.04ko nota eman diote. Alainek 21. postuan bukatu du eta ez da finalerdietara sartu (16 onenak pasatzen ziren), baina oso pozik bukatu du jardunaldia bere sailkapen olinpikoagatik. Budapesten ondoren, Estatu Batuetara entrenatzera joango da sailkatutako gainerako kideekin, Jokoak mimoz prestatzeko.
Bestalde, Peio Gonzalez Sopelako skaterrak badu oraindik pasea lortzeko aukera, baina urrunago. Bizkaitarra ez da gaur finalerdietara pasatu eta biharko txapelketan aurkari zuzen bik egiten dutenaren menpe dago. Haiek huts egitea behar du Parisera joateko. Gaur Peiok 23. postuan bukatu du. Ez du erakutsi bere saiakeretan egin dezakeen guztia. Lehenengoan 27.00 puntu lortu ditu, bigarrenean 31.37 eta hirugarrenean 69.68.
Egoitz Bijueska bilbotarra hirugarren euskal skaterra izan da gaur parkeko sailkatze saioan. Taldeko gazteenak 32. postuan bukatu du. Bere txandak amaitzean ez zegoen oso pozik jaso duen puntuazioarekin (50.26, 57.63 eta 48.70), baina aitortu du, halaber, gazteena denez eta 14 urte besterik ez dituenez, oraindik ere handicap bat duela alde fisikoan. Hala ere, asko hobetzen ari da, eta 2028ko Los Angeleseko Jokoak buruan dituela ziurtatu du.