Alain Kortabitarte Basque Teameko skaterra Asunciongo Munduko Txapelketako final-laurdenetara pasatu da
Peio Gonzalezek ezin izan du txartela lortu eta ospitalera eraman behar izan dute, hirugarren saiakeran min hartu baitu
Gaur gizonezkoen txanda iritsi da Asunciongo Munduko Txapelketan. Alain Kortabitarte olinpikoak final-laurdenak jokatzeko adina meritu egin ditu park modalitateko sailkatze-saioan.
Bere lehen saiakeran heldu da bere emanaldirik onena. Errenteriako skaterrak, abiadura handiz eta epaileek asko baloratutako airekoekin, 60.11 puntu lortu ditu, eta, beste bi jarduketetan gainditu ez dituen arren, eguneko 32 onenen artean egoteko eta final-laurdenak jokatzeko txartela eman diote. Alainek berak ez zuen uste bere lehen txandan aurreikusitako trikimailuak hain ondo gauzatuko zituenik, baita beste batzuk ere, inprobisazio handiagoz sartu dituenak azken orduan.
Alaini baino okerrago joan zaizkio gauzak Peio Gonzalezi. Basque Teameko beste skaterra ezin izan da sailkatu eta ezin izan du bere ahalmen guztia erakutsi gaurkoan. Hiru saiakeretan erori da, eta azkenekoan, gainera, min hartu du. Ospitalera eraman dute azterketa sakonagoa egiteko eta lesioaren larritasuna egiaztatzeko. Dena den, ezker orkatilan haustura izatea baztertu dute.
Bihar Asunciongo Parke Olinpikoan kokatuta dagoen skatepark-ean final-laurdenak jokatuko dituzte. Lehenengo emakumeak lehiatuko dira. Koadro horretan diploma olinpiko baten jabea, Naia Laso bermeotarra, izango dugu parte hartzen. Jarraian, gizonezkoek hartuko dute lekukoa; Alain Kortabitartek eta Egoitz Bijueskak, espezialitateko Munduko txapeldunak.