Basque Teameko Egoitz Bijueska skaterrak Munduko txapeldunaren titulua berretsi du Asuncionen
Naia Lasok, Fundazioaren bekaduna ere badenak, bosgarren amaitu du finalean
Basque Teameko kirolarien jarduna bikaina izan da World Roller Gamesen barruan kokatuta egon den skateko Munduko txapelketa honetan, Asuncionen. Euskal espedizioaren lana ederra izan da eta Egoitz Bijueska eta Naia Lasoren emanaldiek biribildu dute park modalitatean. Bermeokoak bosgarren amaitu du emakumezkoen taldean eta Egoitz Bijueska izan da Munduko skater onena gizonezkoetan. Nazioarteko hedabideek Tony Hawkekin alderatu dute eta oraindik 15 urte besterik ez ditu. Unean uneko sentsazioa da diziplinaren barruan.
Egoitz Bijueska makila magiko batek jota dago. Bilbotarra ume zenetik ikusten zen hori. Asuncionen (Paraguai) Mundu mailako bere bigarren urrea eskuratu du, joan den udaberrian Sao Paulon (atzeratutako 2025eko Munduko Txapelketa) lortu ondoren. Gainera, Paraguaiko hiriburuko Parke Olinpikoan dagoen skateparkera bildutako jendea liluratzeko moduko erakustaldia eman du, zalantzarik gabe. Idolo handien antzeko estiloarekin lortuta titulua.
Gaurkoa bizkaitarraren garaipen sendoa izan da, finalean 94.50 puntu lortuz, trikimailu guztiak era apartan “pantxatu”eta finalerdietan 94.60koa eta final-laurdenetan 94.33koa sinatu ondoren. Zilarra Tom Schaar estatubatuarrak eskuratu du (93.07) eta brontzea Gui Khury brasildarrak (92.15).
Egoitzek Paraguaira joandako Basque Teameko komunikazio taldeari aitortu dio maila izugarri hazten ari dela eta finaleko zortzi skaterretako edozeinek irabaz zezakeela. Orain Kaliforniara itzuliko da. Bertan egiten du lan kirol honetako onenekin jada duen bikaintasuna doitzen jarraitzeko. Epe ertainera Los Angeles 2028ko hitzordu handia prestatzen joango da, non ezerk eragozten ez badu, podiumera igoko den.
Bestalde, Naia Lasok meritu handiko bosgarren postua sinatu du Munduko zortzi skater onenek jokatu duten finalean. Bermeotarrak 78.83ko puntuazioa lortu du. Urrea Mizuho Hasegawa (91.00) 15 urteko japoniar gaztearentzat izan da. Sky Brown britainiarrak irabazi du zilarra (89.50) eta Cocona Hiraki japoniarrak brontzea (88.50). Gogoan izan behar da Naia Laso dagoeneko olinpikoa izan zela Parisen 2024an. Zazpigarren amaitu zuen, gerrialdeko minarekin lehiatu eta bizkarreko arazoak izan arren. Asuncionen lortutako emaitzari esker oso ondo kokatu da sailkapen olinpikoari begira.