AitorFrancesena
BIO
Glaukoma diagnostikatu zioten 14 urterekin, eta eskuineko begia galdu zuen, ebakuntza ugariren ondoren. Hala ere, ez zion utzi surfa egiteari, bere bizimodu bihurtu arte.
Aitzindaria izan da beti. Estatu mailan kirol honetako lehen eskola ireki zuen 1988an, Zarautzen. Estatuko lehen surf entrenatzailea izan zen, eta bere irakaskuntza metodoa gaur egun ere erabiltzen da ia eskola guztietan. Besteak beste, Aritz Aranburu, Mario Azurza eta Axier Muniain entrenatu ditu, eta estatuko hautatzaile izandakoa da.
2012an olatu handi batek jo eta ezkerreko begia txikitu zion, erabat itsu geratuz. Ospitaletik atera eta hiru hilabetera, ordea, berriro surfean hasi zen. Taula zabal eta olatu txikiekin hasi zen, ondoren taula estu eta olatu handiagoetara pasatzeko.
Bere lagun Ibon Illarramendik uretara sartu aurretik dauden baldintzak azaltzen dizkio, gidatu egiten du, eta behin zutik jartzen denean, berak bakarrik maniobratzen du. Ibonek lagundu zion 2016ko abenduan La Jollan (San Diego, Kalifornia) Munduko txapeldun izendatu zenean, baita 2017an ere, lehiaketa horretan brontzezko domina lortu zuenean. 2018an laugarren postuan bukatu zuen eta azken edizioan, 2020an jokatutakoan, Munduko txapeldun izan da berriro.