RakelMateo
BIO
Kirolari balioaniztuna da Rakel Mateo. Lan istripu batek ezker zangoan eragindako lesio batek mugikortasuna murriztu zion, baina horrek suspertu egin zuen bere ibilbidea eta ordutik bere maila igoz joan da. Txirrindularitzan hasitako bideak goia jo du triatloiaren munduan.
Izan ere, orain urte batzuk halako zerbait pentsaezina zuen Mateok. Ez zen kirolari emana bizi, baina 2010ean Saiatuz fundazioaren bidez bizikletan ibiltzeari ekin zion, eta horretan aritu zen 2014. urtera arte. Aldi horretan zenbait garaipen eskuratu zituen mungiarrak; tartean, zilarrezko dominak eskuratu zituen errepideko eta erlojupeko Espainiako txapelketetan (2014), eta bosgarren izan zen erlojupekoko Munduko Txapelketan, errepidekoan laugarren izan zen artean.
Alabaina, bere ibilbidean beste urrats bat egitea erabaki zuen orduan. Lasterka egitera igaro zen estreina, eta igerian hasi zen gero. Hala, triatloian proba egin zuen, eta ordutik hona garaipenen zerrenda gizentzen aritu da. PT2 mailan lehiatuta, duatloiko Espainiako eta Munduko Txapelketak irabazi zituen aurrena (2014), eta urte berean Espainiako txapelketa ere lortu zuen triatloian, ITU Munduko Serieetako triatloi proba bat irabazteaz gain.
Maila horretako probetan sakontzen segi zuen hurrengo urtean, Buffalo Cityn (Hegoafrika) garaipena berriztuz, eta Sunshine Coasten (Australia) bigarren postuan erdietsiz eta Madrilen, Yokohaman (Japonia) eta Genevan (Suitza) brontzezko domina eskuratuta.
Hain justu, Suitzako lasterketa hura Europako txapelketa ere bazen, eta horrek 2016ko Rioko Paralinpiar Jokoetan aritzeko atea zabaldu zion. Zortzigarren egin zuen proba olinpikoan.
Orduz geroztik beste zenbait garaipen eskuratu ditu Mateok. Tartean, bi Espainiako Txapelketa (2017, 2019), eta Munduko Kopa bat (2018). Orain Tokiorako sailkapena lortzeko borrokan dabil.