Rakel Mateo Basque Teameko kirolariak etapa berri bati ekin dio: paratriatloitik paraeskaladara, Los Angeles 2028ra begira
20-maiatza-2026

Rakel Mateo Basque Teameko kirolariak etapa berri bati ekin dio: paratriatloitik paraeskaladara, Los Angeles 2028ra begira

Rakel Mateo

Rakel Mateo kirolariak paratriatloian egindako ibilbide nabarmenari amaiera ematea erabaki du, kirol erronka berri bati ekiteko: paraeskalada. Mungiarrak, nazioarte mailan kirol egokituaren erreferenteak, Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak eta Olatz Legarza Basque Team Fundazioko koordinatzaileak lagunduta, Basque Team Zentroan (Getxo) iragarri du bere ahaleginak diziplina berri honetan oinarrituko dituela orain, asmo handiko helburu argi batekin: 2028ko Los Angeleseko Joko Paralinpikoetan lehiatzea.

Paratriatloian urteak eman ondoren, non nazioarteko figura ospetsuenetako bat izatea lortu duen, Mateok aldaketa horri bere karreraren bilakaera natural gisa aurre egingo dio. Etapa berri honetan ere bere ohiko babesleen laguntza izango du. “Fisikoki eta mentalki motibatuko ninduen erronka berri bat behar nuen”, azaldu du, eta eskaladaren eskakizun teknikoa eta estrategikoa azpimarratu ditu pausoa ematera bultzatu duten faktoreetako bat bezala.

Orain arte Rakelek malabareak egin behar izan ditu goi-mailako kirol jarduera eta Lantegi Batuak-en egindako lana uztartzeko. Hori ez da oztopo izan jardunaldi amaigabeak pilatzeko eta hiru ziklo olinpiko kateatzeko, Rio de Janeiroko 2016ko, Tokioko 2020ko eta Pariseko 2024ko Jokoei dagozkienak, izan zuen lan-istripuaren ondorioz lesionatutako hankaren bilakaerak eta mozketak eragindako arazo ugariei aurre eginez tartean. Rakelek bere burua berrasmatzen jakin du hitzordu bakoitzerako.

Hiru Paralinpiar Jokoetatik bi diploma eta hamargarren postu batekin itzuli da Mateo. 2021ean Abu Dhabiko Munduko Txapelketan lortutako laugarren postua eta Europako txapelketetan lortutako lau dominak (brontzezko hiru eta zilarrezko bat) ere nabarmentzen dira bere ibilbidean.

Trantsizioa ez da erraza izango, baina Basque Teameko kirolaria prest dago berriro egokitzeko: “Nire bizitzako etapa bat itxiko dut, baina hurrengoa besarkatzen dut jada. Ez dut kirola utziko”, adierazi du gaurko agerraldian.

Paraeskaladak trebetasun espezifikoak, abilezia tekniko zehatza eta prestakuntza oso bideratua eskatzen ditu, baina Mateok dagoeneko hasi du egokitzapen-prozesua entrenamendu intentsiboekin eta bere taldearen babesarekin. Goi-errendimenduan aurretik izan duen esperientzia eta gainditzeko duen gaitasuna berme garrantzitsuak dira bide berri honetan. AL2 klasean lehiatuko da (desgaitasuna beheko gorputz-adarretan).

Paraeskaladak 2028ko Los Angeleseko Joko Paralinpikoetan egingo du debuta, programako 23 kiroletako bat izanik. 80 atleta inguru espero dira zortzi domina-ekitalditan lehiatzen, hainbat desgaitasun fisiko eta bisual ordezkatuz. Hitzordua aukera historiko gisa aurkezten da. Rakel Mateok han egon nahi du eta maila gorenean lehiatu, mugak gainditzeko daudela erakutsiz.

Gorka Iturriagak azpimarratu duenez, “Rakel berrasmatzearen eta pertseberantziaren sinonimoa da, gure herrian oso bereizgarria den zerbait. Gure enbaxadorea izan da nazioartean askotan, eta guretzat ohorea da mugarik gabeko anbizio horrekin jarraitzen duela ikustea, erreferente bat baita belaunaldi berrientzat”.

Honekin lotutako berriak

11-maiatza-2023

Elikadura zaintzearen garrantzia azpimarratu dute Leticia Canales surflariak eta Mikel Linacisoro eskalatzaileak

Informazio gehiago