LeticiaCanales
BIO
Leticiaren arabera, bere aita eta bere ahizpa zaharrenari esker hasi zen surfean. Eurek sartu zuten Leticia eta bere ahizpa bikia, Loiola, kirol honetan. Surfean hasi izan ez balitz, seguruenik Leticia belar hockey jokalaria izango litzateke, hori baita bere bigarren pasioa eta 14 urte bete arte praktikatu zuen beste kirola. Betidanik egon da kirolari lotuta.
Eneko Acero, Hodei Collazo, Gony Zubizarreta eta beste hainbat surflari gustatu izan zaizkiola dio baina aitortzen du Aritz Aranbururenganako joera duela. “Danok aho bete hortz utzi gintuen WCTra iritsi zenean. Horrek inflexio puntua markatu zuen. Berak erakutsi zigun neguak gogorrak eta olatuak txarrak izan arren eta haizea contra eduki arren, guk ere gorengo zirkuitura heltzeko aukera bagenuela”. Chelsea Hedge, Silvana Lima, Steph Gilmore eta Caroline Marcks ere erreferente ditu.
Leticiak dio surfeatzea sentimendu bilduma bat dela, olatuak hainbat momento dituela. “Hasieran ezinegona duzue ez dakizulako nolakoa izango den, baina zutik jartzen zarenean badakizu olatu ona edo txarra hartu dozun. Eta maniobrak egiten hastean adrenalinak gora egiten du. Onena heltzen da bikain burutu duzun olatua amaitzean. Gainera surfean etengabeko harremana daukazu naturarekin eta horrek kirol hau praktikatzea esperientzia magiko bihurtzen du”.
Denboraldi zailak izan zituen belauneko arazoengatik (birritan egin zioten ebakuntza), baina azken urteak bereziki onak izan dira. “Bazen garaia urte osoa lesio barik pasatzeko eta Women’s Qualyfing Series zirkuituan erregulartasunez lehiatzeko”. Miyazakiko Munduko txapelketa hasieratik gorriz markatuta egon da bere egutegian: “Nire helburua Jokoetarako plaza lortzea da. Oso kirolari gutxi sartuko dira, akats asko zuzendu behar dira, baina ez dut ezinezkotzat jotzen”.
Leticiak 25. postuan bukatu zuen 2018ko Taharako Munduko txapelketako banakako lehia, eta Aloha Cup-a (taldekao txapelketa) irabazi zuen taldearen partaide izan zen. “Ez ginen ondo hasi eta erantzukizuna hartu nuen. Hamar minututan hiru olatu on hartu behar nituela banekien eta presio hori ederto etorri zitzaidan onenak harrapatzeko”. 2019an asko hobetu zuen eta Miyazakiko Munduko txapelketan 15. Izan zen banakako lehian.
Epe luzera, Leticia Canalesek INEFeko ikasketak amaitu nahi ditu eta surfari lotuta jarraitu nahi du. Uste du kirolak hazten direla kirolariek horiek hobetzeko parte hartzen dutenean.
Gure nagusiak
Babesleak