Naia Laso eta Gadea Moja Skate Parkeko Munduko Txapelketako final laurdenetan sartu dira
Naia LasoHegoa Zabalburuk ezin izan du sailkapen fasea gainditu
Ostian jokatzen ari den Skate Parkeko Munduko Txapelketan, gaur neskek hartu dute mutilen lekukoa, sailkatze faseko txandekin.
Gadea Mojak eta Hegoa Zabalburuk goizeko 9:15etarako programatutako eguneko lehenengo txandan parte hartu dute. Coco Crafter eta Jada Ward australiarrekin, Teresa Havlikova eta Anna Sedlarova txekiarrekin, Katie Pike britainiarrarekin, Mizuho Hasegawa japoniarrarekin, Maja Spatscheck norvegiarrarekin, Ceci Rendueles gijondarrarekin eta Daniela Terol kataluniarrarekin batera, 45 segundoko bi serieei aurre egin diete.
Hegoak bi eroriko izan ditu lehen saioan, eta bigarrenean bere jarduna hobetu badu ere, oreka galdu du. Lehen saiakera 17.10eko puntuazioarekin baloratu da, eta bigarrena 38.82koarekin. Getxoko riderrak 55. postuan bukatu du, beraz, ez du lehiaketan jarraituko. Gaur 28 onenak igaroko dira hurrengo fasera, eta sailkapeneko lau skater onenei gehituko zaizkie, dagoeneko sailkatuta baitaude gaurko txandan lehiatu beharrik gabe.
Gadea Moja, bere aldetik, lehen 45 segundoetan erori da, baina bikain aritu da bere bigarren parte-hartzean. Bere lehenengo txandan 50.73ko puntuazioa lortu du eta bigarrenean 76.10ekoa. Bigarren emaitza horri esker sailkapenaren gorengo tokian jarri da. Hirugarren txandako skaterren parte-hartzearekin lidergoa galdu duen arren, zortzigarren postuan bukatu du, eta final-laurdenetara pasa da.
Naia Lasok ere lortu du final-laurdenetarako txartela. Eguneko azken euskal lehiakidea ikusteko apur bat itxaron behar izan da, izan ere, Munduko rankinga erreferentziatzat hartuta, Naia eguneko azken txandan lehiatzen zen, bosgarrenean. Bermeoko riderrak lehen saiakeran arriskatu du eta, azken fasean oreka galdu duen arren, 71.43 puntu jaso ditu. Hala ere, onena iristear zegoen. Bigarren saiakeran, Naiak urduritasuna alde batera utzi du, pistara atera zitzakeen trikimailuak ziurtatu ditu, eta “plantxatu” egin du (skateko argotean esan ohi duten bezala) txanda, 83.18 puntuzioarekin líder jartzeko. Naia Lasok eguneko puntuaziorik onena lortu du Munduko Txapelketa honetan garbi duen helburua betetzeko: 2024ko Pariseko Olinpiar Jokoetarako txartela lortzen lagunduko dioten puntuak batzen jarraitzea.
Bihar jokatuko dira Erromako Munduko Txapelketa honetan final-laurdenak, bai gizonezkoen lehian, bai emakumezkoenean. Egoitz Bijueska lehen txandan lehiatuko da (11:35), Peio Gonzalez bigarrenean (12:30), Gadea Moja hirugarrenean (19:25) eta Naia Laso laugarrenean (20:20).