Naia Laso Basque Teameko skaterra finalerdietara sartu da Skate Parkeko Munduko Txapelketan
06-urria-2023

Naia Laso Basque Teameko skaterra finalerdietara sartu da Skate Parkeko Munduko Txapelketan

Naia Laso

Peio Gonzalezek, Egoitz Bijueskak eta Gadea Mojak agur esan diote txapelketari final-laurdenetan

Ostia-Erroman jokatzen den Park modalitateko Skateko Munduko Txapelketako final-laurdenak jokatu ondoren, Naia Laso da txapelketari eusten dion euskal rider bakarra. Basque Teameko kirolaria finalerdietara pasatu da, eta Egoitz Bijueskak, Peio Gonzalezek eta Gadea Mojak agur esan dute final-laurdenetan.

Exijentziak maila bat gehiago igo du Italiako udalerrian jokatzen den eta Paris 2024ko Jokoetako sailkapenerako puntuak ematen dituen Munduko txapelketan. Gaur final-laurdenak jokatu dira eta fase honetan sailkatze fasean lehiatu ez ziren Munduko 5 rider onenak lehian sartu dira, bai mutiletan bai nesketan.

Skater bakoitzak 45 segundoko hiru saiakera egin behar izan ditu (oreka galtzeko unean amaitzen ziren) eta puntuaziorik onena zuena hartzen zen kontuan.

Goizeko saioan mutilak lehiatzen hasi dira. Egoitz Bijueska gazteak, Basque Teamek eta Patinajeko Euskal Federazioak abian jarritako bikaintasun proiektuko kiddeak, lehen txandan parte hartu du, Elias Nilsen norvegiarrarekin, Raphae Ueda estatubatuarrarekin, Pedro Quintas eta Andre Mariano brasildarrekin, Jaime Mateu mallorcarrarekin, Noe Montagard frantziarrarekin eta Thomas Augusto portugaldarrarekin batera. Lehen saiakeran Egoitzek 66.01eko puntuazioa lortu du eta bigarrenean 67.34koa. Azken honek hogeita hirugarren postua eman dio. Hirugarren saiakeran oreka galdu du. Emaitza bikaina da 12 urteko mutil batentzat; beste 101 lehiakide baino hobea izan baita Ostian (124 mutil ari ziren lehian). Emaitza honekin Egoitzek 4.935 puntu lortu ditu sailkapen nagusirako.

Peio Gonzalezek ere oso emanaldi ona egin du Italian. Basque Teameko bekaduna finalerdietatik oso gertu geratu da bigarren txandan, Kalani Konig brasildarrarekin, Hampus Winberg suediarrarekin, JD Sanchez eta Liam Pace iparramerikarrekin, Steven Pineiro portorricarrarekin, Tommy Calvert britainiarrarekin eta Tyler Edtmayer alemaniarrarekin batera lehiatu ondoren. Hurrengo kanporaketara 16 onenak pasatzen ziren eta berak 19. postuan bukatu du. Lehen eta bigarren saiakeretan, jasandako erorikoengatik zigortu dute, 21.66 eta 55.78ko puntuazioarekin. Hala ere, lasai egoteko gai izan da eta bere azken aukeran puntuatu behar izateak suposatzen zuen presioa gainditzen ahalegindu da. Hirugarren saiakera onena izan da, eta 73.14 puntu eman dizkio. Peio heldutasunez irristatu da Ostiako Spot Skatepark-ean eta 7.522 puntu oso baliotsu pilatu ditu hurrengo mozketa pasatu eta Paris 2024ko Jokoetan egoteko borrokan jarraitzeko.

Arratsaldean nesken txanda iritsi da. Getxoko Gadea Moja skaterra hirugarren txandan izan da Minna Stess, Ruby Lilley eta Lillian Erickson estatubatuarrekin, Yujuan Li txinatarrarekin, Hyunju Cho korearrarekin, Lilly Stoephasius alemaniarrarekin eta Isadora Pacheco brasildarrarekin batera. Bere hiru saioak 75.63, 26.89 eta 75.78ko puntuazioekin baloratu dituzte. Gadea Mojak hogeigarren postuan amaitu du, eta 6.770 puntu eskuratu ditu rankingerako.

Gadeak ezin izan du finalerdietarako txartela lortu, baina bai Naia Lasok. Basque Team Fundazioaren beka duen kirolariak bere jardunik onena egin du laugarren txandan, 79.52 punturekin baloratuta. Hurrengo bietan ezin izan du puntuazioa hobetu, bietan oreka galdu baitu. Epaileek 63.20 puntu eman dizkiote lehenengoan eta 63.61 bigarrenean. Naia Laso bihar lehiatuko da finalerdietako lehen txandan, 15:35etik aurrera, Grace Marhoefer eta Bryce Wettstein estatubatuarrekin, Ruby eta Arisa Trew australiarrekin, Isadora Pacheco brasildarrarekin, Hyunju Cho korearrarekin eta Lilly Stoephasius alemaniarrarekin batera. 

Honekin lotutako berriak

21-ekaina-2024

Alain Kortabitarte Basque Teameko skaterrak Pariseko Jokoetarako txartela lortu du

Informazio gehiago
20-ekaina-2024

Basque Team Naia Lasoren skaterra matematikoki sailkatu da Pariseko Jokoetarako

Informazio gehiago
08-ekaina-2024

TXOSTENA: Budapesteko aurreolinpikoa

Informazio gehiago
29-apirila-2024

BAT TO PARIS (kapitulu 1): Skate / ‘Aire berriak olinpismoan’

Informazio gehiago
25-apirila-2024

Skateari eskainitako atalak ‘BAT To Paris’ telesaila estreinatuko du asteburu honetan

Informazio gehiago
08-urria-2023

Naia Laso Basque Teameko skaterrak bosgarren amaitu du Parkeko Munduko Txapelketan

Informazio gehiago