Iñigo Llopisek estilo libreko 100 metroko erreleboan diploma eskuratu du Tokioko Jokoetan
Basque Teameko igerilariaren taldeak zazpigarren postuan bukatu du
Iñigo Llopisek diploma paralinpikoa gehitu dio bizkar estiloko 100 metrokoan lortutako zilarrari. Donostiarra estilo libreko 4×100 metroko finalean lehiatu da, eta bere taldeak zazpigarren postuan bukatu du, podiumeko postuetatik urrun, baina bere marka onenetik gertu. 4:00.71ko denbora egin dute, Munduko errekorra hautsi duen Australiako taldearen 3:44.31tik urrun.
Llopis hirugarren postuan parte hartu du errelebuan, Jacobo Garrido eta Sergio Salvador Martosen atzetik, eta Jose Antonio Alcarazi eman dio lekukoa. Ez da gehien prestatu duten proba, hori aitortu du Iñigok. Horrez gain, Iñigo Llopisek Tokiora joan den komunikazio taldeari esan dio asko kostatu zaiola errekuperatzea, 100 metroko bizkar estiloan zilarrezko domina eskuratu zuen jardunaldi gogor eta zirraragarriaren ostean.
Gaur Tokioko Aquatic Centren eguneko azken proba izan den finalaren ondoren, Iñigo Llopis berehala joan da askatzera, eta atseden hartzera; izan ere, bihar goizeko 9:00etan (2:00 Euskadin) izango du estilo libreko 400 metrokoan sailkatzeko saioa, eta finalean sartuz gero, 17:00etan jokatuko du (10:00 Euskadin). Gainera, Basque Teameko bekaduna 4×100 metro estilotan lehiatuko da irailaren 3an. Horretan gaur baino emaitza hobea lortzea espero du.