Basque Teameko Naia Laso skaterrak finalerdietarako txartela lortu du Asunciongo Munduko Txapelketan
Naia Laso olinpikoak ez du huts egin Asuncionen jokoan den World Games txapelketan eta finalerdietarako txartela lortu du.
Bermeokoak vert-eko modalitatean seigarren postuan bukatu ondoren, entrenamendu ofizialak egin zituen park modalitatean, baina gaur arte ez du lehiatu beharrik izan, aurre-selekzioa osatzen duten skaterren artean baitago, Munduko rankingean duen posizioagatik.
Naia Munduko riderrik onenetakoa da espezialitate honetan, eta hala erakutsi du gaur ere. Ez du bere lehen saiakera (45.00) nahi bezala kitatu, eta horrek sortu dizkion urduritasunak bigarren saiakera baldintzatu du, ia hasi bezain laster erori baita.
Lasok huts egin du normalean huts egiten ez duen trikimailuetan, baina hirugarren txandan bere amorru guztia atera du 71.33 bat sinatzeko, eta azkenean horrek hamahirugarren postua eman dio. Finalerdietara 16 skater onenak pasatzen ziren.
Bizkaitarrak Asuncionera joandako komunikazio-taldeari esan dionez, oraindik trikimailuren bat gordetzen du hurrengo txandarako. Gaur, adibidez, nahiago izan du zuhur jokatu eta ez atera paseatzera bere 360. Skatepark-a nahiko baldintzatuta dago egun hauetako euriteengatik eta ez du arriskatu nahi izan, kontuan izanik Paraguaiko Munduko Txapelketa hau 2028ko Los Angeleseko Jokoetarako puntuagarria dela.