Garazi Sanchez eta Pauline Ado El Salvadorreko Munduko Surf Txapelketako hirugarren kanporaketan sartu dira
03-ekaina-2023

Garazi Sanchez eta Pauline Ado El Salvadorreko Munduko Surf Txapelketako hirugarren kanporaketan sartu dira

Garazi Sánchez

Nadia Erostarbe eta Adur Amatriain bigarren aukerakora erori dira

El Salvadorren jokatzen ari den ISA World Games txapelketako hirugarren jardunaldia urduritasunez eta tentsioz beteta egon da, euskal surflariek jokatu dituzten txanda gehienak ez baitira azken unera arte erabaki.

Horrela gertatu zaio gaur La Bocanako olatuan uretara sartu den Basque Teameko lehen surflariari. Garazi Sanchezek azken bozketen zain egon behar izan du jakiteko ea azkenean berak bigarren postua eraman duen. Garazik badu eskarmentu nahikoa hitzordu handietan, eta estrategikoki kokatu du bere burua itsasoan, ahalik eta indar gutxien alperrik galtzeko. Bere bi olatu onenei etekin handia atera die, 5.50 eta 4.17rekin puntuatu baitituzte. Serieko garailea izan den Rachel Presti alemaniarrak ere oso selektiboa izanik irabazi du. 6.33ko olatu bat eta 3.70eko beste bat olatu bat zamalkatu ditu lehen postuan amaitzeko. Teresa Bonvalot portugaldarra, WCTko surflaria eta Tokioko Joko Olinpikoetako lehiakidea, txandako ezustekoaren protagonista izan da. Teresak ez du aurrera egin, nahiz eta etengabe olatuak hartzen ibili. Asko hartu ditu baina ez dute distira nahikorik izan.

Pauline Ado Angeluko surflariak ere, Garazik bezala, zortea izan du. Lehiaketako urteek eta orduek ematen duten zortea eta jakinduria. Paulinek ISA Munduko Txapelketa irabazi zuen 2017an, eta zilarrezko domina eskuratu zuen iaz Huntington Beachen. Gainera, olinpikoa izan zen Japoniako txapelketan, 2021ean. Iparraldeko riderrak oso ondo aukeratu ditu bere olatuak, eta ahuleziarik gabe erantzun du El Salvadorko itsaso zakarraren erasoaldien aurrean. 11.10eko puntuazioarekin Arena Rodriguez perutarra (10.77), Sarah Baum hegoafrikarra (9.96) eta Marcela Machado uruguaitarra (5.80) gainditu ditu.

Nadia Erostarbek gure emakumezkoen parte hartzea itxi du gaur La Bocanan. Seriea amaitzean, zarauztarrak El Salvadorrera joan den komunikazio taldeari onartu dio ez duela bere surf guztia erakutsi eta akatsak egin dituela, nahiz eta baldintzak bere surf motarako mesedegarriak izan. Nadiak azken unean olatu bat surfeatu du, eta bozinak jo ondoren epaileek aztertu eta 3.73ko batekin puntuatu dute, baina ez da nahikoa txandako bigarren tokira igotzeko. Giada Legati italiarra eta Paige Hareb zeelandaberritarra hirugarren kanporaketarako sailkatu dira eta Nadiak errepeskan aritu beharko du hemendik aurrera.

Adur Amatriainek ere egin beharko du. Basque Teameko surflariak akats bat egin du olatuetako batean maniobra aukeratzerakoan, eta ondoren ez du egoera zuzentzeko modurik izan, itsasoak eskuzabala izateari utzi diolako eta aukera guztiak bertan behera geratu direlako. Adurrek laugarren bukatu du txanda, Jordy Smith hegoafrikarraren, Manuel Selman txiletarraren eta Saori Perez dominikarraren atzetik.

Honekin lotutako berriak

18-urria-2025

Annette Gonzalez-Etxabarrik bigarren amaitu du Challenger Serieetako Saquarema Pro txapelketan eta Championship Tourrerako txartela ematen duten postuetan sartu da

Informazio gehiago
14-iraila-2025

Janire Gonzalez-Etxabarri Basque Teameko surflaria, Munduko txapeldun El Salvadorren

Informazio gehiago
12-iraila-2025

Aitor Francesena etxera itzuli da munduko txapeldunaren tituluarekin

Informazio gehiago
08-iraila-2025

Aitor Francesenak seigarren aldiz bereganatu du Munduko txapelketa 

Informazio gehiago
03-abuztu-2025

Annette Gonzalez-Etxabarri surflariak hirugarren amaitu du, ezustekoa emanda bere debutean US Openean

Informazio gehiago
28-uztaila-2025

Matx podcasta 03: Keoni Lasa

Informazio gehiago