Euskal surflari guztiek jarraitzen dute lehian Punta Rocaseko Munduko Txapelketan
10-azaroa-2026

Euskal surflari guztiek jarraitzen dute lehian Punta Rocaseko Munduko Txapelketan

Janire Gonzalez-Etxabarri

Punta Rocaseko Munduko Surf Txapelketa txanda zorrotzagoetarantza doa, baina euskal surflariek maila ona erakusten jarraitzen dute, eta emanaldi bikainekin erantzuten. Guztiek jarraitzen dute aukerekin lehiaketan. Kai Odriozolak ez du huts egin errepeskako bigarren kanporaketan eta Janire Gonzalez-Etxabarri, Ariane Ochoa eta Naïa Montek ere hirugarren txandara pasatzeko helburua lortu dute bide nagusitik.

Janire Gonzalez-Etxabarri izan da goiztiarrena gaur uretara sartzen. Punta Rocaseko podiumean zumaiarrak ez du lan erraza izan eta Perura joandako Basque Teameko komunikazio taldeari aitortu dionez, kosta egin zaio kokatzea eta nahi zituen olatuak hartu ahal izatea. Batetik bestera ibili behar izan du arraunean eta lan eskerga egin behar izan du une egokian egoteko, baina lortu du. Seriea azken zatian erabaki da eta gipuzkoarrak hurrengo faserako txartela eskuratu du. Azken orduan, hasperen baten faltan, 9.77 puntu pilatu ditu, eta Puerto Ricoko Mia Calderon surflariaren (9.5), Taina Hinckel brasildarraren (8.03) eta Charlotte Mulley britainiarraren (5.63) aurretik amaitu du.

Naïa Monte ere bere serieko onena izan da, baina apur bat gutxiago borrokatu behar izan du, aurkarien puntuazioak Janireren txandan baino baxuagoak izan baitira. 4.73ko olatu bat eta 4.23ko beste bat nahikoak izan dira Jasmine Michelle Studer Indonesiako surflariari (6.33), Ocea Green kanadarrari (4.00) eta Helle Løvseth norvegiarrari (2.53) gailentzeko. Baionako surflari gazteak onartu du olatua nahiko zaila iruditzen zaiola, baina oraingoz oso pozik dagoela Perun duen errendimenduarekin.

Euskal partaidetza emakumezkoen taldean Ariane Ochoa bilbotarrak itxi du, bere txandan beste garaipen bat eskuratuta. Ochoa bere ibilbideko urterik gozoena bizitzen ari da ziurrenik, eta betetasun eta lasaitasun hori Punta Rocasen ere transmititzen ari da. Bizkaitarrak onartu du denboraldi honetan alderdi fisikoa eta mentala lehen ez bezala lerrokatzen ari direla, eta horrek bere surfing onena zirkuitu pribatuan eta ISA Munduko Txapelketan ateratzeko oso lagungarri egiten ari zaiola. Eguneko olaturik onena 5.00ekoa izan da, eta bigarrena 3.30ekoa. Beraz, hirugarren txandan 8.30eko puntuazioa lortu du guztira. Diana Giorgi italiarra oso gertu egon den arren (8.17), Ochoak gainditu du, baita Candelaria Resano nikaraguarra (7.70) eta Jessie van Niekerk hegoafrikarra (6.20) ere.

Gizonezkoen koadroan gaur ez da txapelketa nagusia jokatu, baina bai errepeska. Kai Odriozolak lehiaketa paraleloko bigarren kanporaketan parte hartu du, eta kontrarioak baino dezente gehiago izan da zortzigarren txandan. Donostiarrak 13,17ko azken puntuazioa erdietsi du, Jose Joaquin Lopez venezuelarraren (7.86), León de la Torre txiletarraren (7.43) eta Daniel Monterrosa salvadortarraren (7.00) aurretik amaituz.

Honekin lotutako berriak

10-azaroa-2026

Ruben Vitoria eta Hans Odriozola hirugarren kanporaketara pasa dira Punta Rocaseko Munduko Txapelketako gizonen koadroan 

Informazio gehiago
09-azaroa-2026

Euskal emakume guztiek pronostikoak bete dituzte eta World Surfing Gameseko bigarren kanporaketan sartu dira

Informazio gehiago
08-azaroa-2026

Basque Teameko Janire Gonzalez-Etxabarri surflaria Punta Rocaseko World Surfing Games txapelketako bigarren kanporaketarako sailkatu da

Informazio gehiago
07-azaroa-2026

Punta Rocaseko World Surfing Games txapelketa ondo hasi da euskal surflarientzat

Informazio gehiago
02-azaroa-2026

Zazpi euskaldun arituko dira loriaren bila Punta Rocaseko Munduko txapelketan

Informazio gehiago
18-urria-2026

Nadia Erostarbe Basque Teameko surflariak eta Filipe Toledok ez dute parekorik izan  Penicheko supertuboen ikuskizunean

Informazio gehiago