Hans Odriozola eta Janire Gonzalez-Etxabarri Basque Teameko surflariek aukerekin ekingo diote azken jardunaldiari, oraindik Munduko Txapelketako lehiaketa nagusiaren barruan
15-azaroa-2026

Hans Odriozola eta Janire Gonzalez-Etxabarri Basque Teameko surflariek aukerekin ekingo diote azken jardunaldiari, oraindik Munduko Txapelketako lehiaketa nagusiaren barruan

Janire Gonzalez-Etxabarri

Gaurko jardunaldian Nadia Erostarbe, Kai Odriozola eta Naïa Monte kanporatuta geratu dira

Gaurkoa oso jardunaldi luze eta gogorra izan da euskal surflarientzat. Bederatzi ordu baino gehiago jarraian, tentsio eta maila handiko surfa eginda podium nagusian, Punta Rocaseko olatuan. Lehia nagusiko txanda gehienetan eta errepeskako askotan Championship Tourreko (CT) surflariek jardun dute; harmailak, ondorioz, zalez gainezka egon dira goizetik.

Gizonezkoen multzoan, Hans Odriozola txapelketako ezusteko handiaren protagonista da beste behin, izan ere, gaur berriz ere ametsezko bi kanporaketa gauzatu ditu kategoria absolutuko bere lehenengo World Surfing Gamesetan. Lehenengoan, multzoko bigarren postuan sailkatu da, 11.44 puntu sinatuz, eta Miguel Tudela perutarraren (14.07) atzetik amaituz, 2025ean WSLko zirkuitu goreneko txapelduna izan zen Yago Dora brasildarra (10.84) eta Alonso Correa etxekoen aurretik (7.33).

Bigarren kanporaketan Odriozola anaietako txikiak ere aurrera egin du bigarren postuan, 12.96ko puntuazioarekin, Leonardo Fioravanti italiarraren (14.93) atzetik eta Crosby Colapinto estatubatuarraren (10.06) aurretik. Horrela, titulua eskuratzeko aukerak bere horretan dituela sartu da Hans txapelketako azken jardunaldian. Lehia nagusiko zazpigarren kanporaketan dago eta oraindik ere errepeskaren koltxoia geratzen zaio beharko balu.

Bere anaia Kai ere asko borrokatu da gaur goizean goizetik. Donostiarra laster erori zen errepeska, eta horrek zaildu egin du Munduko Txapelketa honetan bere parte-hartzea. Nolanahi ere, ez du inoiz amore eman. Errepeskako zazpigarren kanporaketari zegokion txandan Kanoa Igarashirekin batera aurrera egin du, baina hurrengoan, zortzigarrenean, hirugarren postuan bukatu du (11.50), Yago Dora brasildarraren (12.43) eta Franco Radziunas argentinarraren (11.50) ondoren.

Emakumezkoen koadroan Janire Gonzalez-Etxabarrik koroa azkazalez eta hortzez defendatzen jarraitzen du. Zumaiarrak, Hansek bezala, bi kanporaketa jokatu ditu gaur lehiaketa nagusiaren barruan eta biak gainditu ditu sendotasun ikaragarriarekin. Perura joandako Basque Teameko komunikazio taldeari aitortu dio akituta amaitu duela, baina oso argi duela zein den helburua, eta amaierara arte borrokatuko dela. Bere burugogorkeriak eta Punta Rocasen bizitzen ari den giro onak ere asko laguntzen dute. Bosgarren kanporaketan (11.57) Sawer Lindblad estatubatuarrarekin (14.57) batera sailkatu da, Daniella Rosas perutarra (10.10) eta Havanna Cabrero portorricarra (9.46) atzean utzita.
Hurrengo kanporaketan Gabriela Bryan estatubatuarra (12.97) eta Anon Matsuoka japoniarra (7.40) gainditu behar izan ditu eta gipuzkoarrak urduritasuna kontrolatu eta uretara sartu aurretik markatutako estrategia osatzen jakin du bigarren postua eman dion 9.34a lortzeko.

Jardunaldiak, zoritxarrez, Nadia Erostarbe eta Naïa Monteren kaleratzeak ere utzi dizkigu. Basque Teameko surflariak ezin izan du txapelketa nagusiko bosgarren kanporaketan egokitu zaion txanda gogorra gainditu eta errepeskara erori da. Gabriela Bryan estatubatuarrarekin (13.44), Johanne Defay frantziarrarekin (12.70), Leilani McGonagle costarricarrarekin (10.47) neurtu behar izan ditu indarrak eta seriea laugarren tokian amaitu du (4.34). Ondoren, errepeskako zortzigarren kanporaketan, Yolanda Hopkins portugaldarrak (14.43), Sol Aguirre perutarrak (13.27) eta Carissa Moore estatubatuarrak (12.37) oso puntuazio altuak lortu dituzte hasieratik. Zarauztarra bere azken olatuarekin saiatu da, baina zoritxarrez oreka galdu du eta 11.84 puntu bakarrik eskuratu ahal izan ditu, txapelketatik at geratuta.

Baionako Naïa Monte surflariak ere ez du aurrera jarraitzen, errepeskako zazpigarren txandari dagokion txandan erori baita. Puntuazioak oso doituta egon dira. Isadora Bulto txiletarra izan da onena (11.07), ondoren Sol Aguirre perutarra (10.86), Rachael Agüero costarricarra (10.57) eta azkenik Monte (10.17). 15 urterekin Iparraldeko kirolariak txapelketa bikaina egin du. 

Honekin lotutako berriak

15-azaroa-2026

Basque Teameko Janire Gonzalez-Etxabarri surflariak brontzea lortu du Punta Rocaseko Munduko Txapelketan

Informazio gehiago
14-azaroa-2026

Nadia Erostarbe, Janire Gonzalez-Etxabarri eta Hans Odriozola dira Punta Rocaseko Munduko Txapelketako lehia nagusian aurrera jarraitzen duten hiru euskal surflari bakarrak

Informazio gehiago
12-azaroa-2026

Ruben Vitoria eta Kai Odriozola Basque Teameko kirolariak Punta Rocaseko Munduko Txapelketako bosgarren kanporaketarako sailkatu dira errepeskan

Informazio gehiago
12-azaroa-2026

Euskal surflari guztiek aukerekin jarraitzen dute Punta Rocaseko Munduko Txapelketan

Informazio gehiago
10-azaroa-2026

Euskal surflari guztiek jarraitzen dute lehian Punta Rocaseko Munduko Txapelketan

Informazio gehiago
10-azaroa-2026

Ruben Vitoria eta Hans Odriozola hirugarren kanporaketara pasa dira Punta Rocaseko Munduko Txapelketako gizonen koadroan 

Informazio gehiago