Basque Team Naia Lasoren skaterra matematikoki sailkatu da Pariseko Jokoetarako
Naia LasoGadea Mojak ezin izan du Budapesten finalerdietarako txartela lortu
Naia Laso Basque Team Fundazioaren beka duen skaterra bere lehen Joko Olinpikoetarako sailkatu da, Hungariako hiriburura joan eta udako hitzordu handirako parkeko modalitatean txartela ziurtatzen dion gutxieneko puntuazioa lortu ondoren Budapesteko aurreolinpikoan.
Naia Lasok maiatzean Shanghain jokatu zen preolinpikoko aurreko probako entrenamenduetan min hartu zuen eta lepauztaia hautsi zuen. Ondorioz, hortik aurrera ezin izan zuen txapelketan parte hartu. Lehen sailkapen-saioan bertaratu zen eta aurkarien aurrean erreserbarako balioko zioten gutxieneko puntu batzuk bildu zituen. Antzeko zerbait egin du gaur Hungarian. Naiak lehenengo saioan bakarrik hartu du parte, 9,66ko puntuazioa bereganatuz. Sailkapeneko lehen fasean eskuratutako 104.155 puntuek alde handia eskaini diote bermeotarrari eta horri esker egongo da Parisen, aurretik lanak eginda zituelako.
Txartel olinpikoa poltsikoan duela, Naiak errekuperazio prozesuarekin jarraituko du orain Basque Team Zentroan, Parisera baldintza onenetan iristen saiatzeko.
Bestalde, Gadea Mojak pozik bukatu du Budapesten egindako lanarekin, nahiz eta uste duen epaileek ez dituztela bere trikimailuak behar besteko eskuzabaltasunez puntuatu. Gadeak 37. postuan amaitu du parkeko sailkapena. Lehen txandan 52.01eko puntuazioa lortu du, bigarrenean 54.63koa eta hirugarrenean 55.03koa, bere baloraziorik onena, baina ez da nahikoa izan Budapesteko aurreolinpiko honetan finalerdietara pasatzeko.
Bihar gizonezkoen skate parkeko koadroaren txanda izango da, Alain Kortabitarte, Egoitz Bijueska eta Peio Gonzalezekin, Afrika Criadoren lehiaketa street modalitatean eta Teresa Fernandez-Mirandarena BMX freestyleko park modalitatean.