Aritz Aranburuk, Keoni Lasak eta  Garazi Sanchezek ez dute hirugarren kanporaketa gainditu eta El  Salvadorreko Munduko Surf Txapelketan jarraituko dute bigarren  aukerakoan
04-ekaina-2023

Aritz Aranburuk, Keoni Lasak eta Garazi Sanchezek ez dute hirugarren kanporaketa gainditu eta El Salvadorreko Munduko Surf Txapelketan jarraituko dute bigarren aukerakoan

Aritz Aranburu

Pauline Adok txapelketa nagusiari eutsi dio

Keoni Lasa laugarren txandarako pasetik oso gertu egon da Surf City El Salvadorren jokatzen ari diren World Surfing Games txapelketan. Zarauztarrak txanda gogorra eduki du, baina ez da erabaki bere azken olatua puntuatu arte, txandako 20 minutuak amaituta zeudenean. Keonik sailkapena ukitu du La Bocanako olatuan, behin baino gehiagotan seriean zehar, eta hau ez da ehunenekoengatik gauzatu. Basque Teameko kirolariak gaur egun surfaren potentzietako bat den Japoniaren bi ordezkariren aurka jokatu du txartela, eta, azkenean, Reo Inabak (10.00) eta Taichi Wakitak (8.43) lortu dute pasea, Keoniren (8.33) eta Ido Arkin israeldarraren (5.20) aurretik.

Askoz argiagoa izan da Aritz Aranbururen kanporatzea. Zarauztarrak gaur ez ditu bere kartak ondo jokatu. Akats bat egin du lehen olatuaren aukeraketan, eta, ondoren, oso atzean geratu da. Aurkari handiekin neurtu ditu indarrak zarauztarrak: Grabriel Medina brasildarrarekin, Sebastian Hernandez mexikarrarekin eta Daniel Monterrosa salvadortarrarekin. Aritzek 4.50eko olatua izan du eta 2.27koa, baina bere puntuazioak oso urrun egon dira Medinak lortutako 8.83tik edo Hernandezek lortutako 7.73 eta 7.17tik.

Garazi Sanchezek ere ez du egunik onena izan. Bizkaitarra aurkariengandik urrun jarri da bere estrategia propioa jarraitzeko, baina ez du espero zuen emaitza lortu. Zamalkatu dituen olatuek surf esparrutik asko urrundu dute, eta gero energia asko galdu du berriro kokatzen. Esfortzu horrek guztiak, Salvadorren egun hauetan egiten ari den bero handiarekin batera (baita itsasoko uretan ere), eragina izan dute bizkaitarrarengan. Gainera, Garazik (4.27) Sally Fitzgibbons (13.10) eta Sophie McCulloch (11.97) australiarren eta Mahina Maeda japoniarraren (11.63) aurka jokatu behar izan du; guztiak olinpikoak Tokyo 2021ean. Sanchezek laugarren postuarekin konformatu behar izan du eta orain errepeska edo bigarren aukerakoan jarraitu beharko du.

Pauline Adok, aldiz, aurrera jarraitzen du lehiaketa nagusian. Angeluko surflaria liderra izan da txandakozati handienan, baina azkenean Caroloine Marks estatubatuarrak gainditu du, 9.43ko puntuazioarekin. Ado (9.07) laugarren kanporaketara igaro da, Alys Barton (6.90) eta Lucy Campbell (6.74) britainiarrak gaindituta.

Bien bitartean, Sunzaleko olatuan bigarren aukerakoa edo errepeska jokatu dute aldi berean. Ariane Ochoak bi txanda jokatu behar izan ditu gaurko egunean eta ondo egin du aurrera, bi txandetan lehenengoa izanik. Bestalde, Nadia Erostarbe zuzenean sartu da lehiaketa paralelo honetako bigarren kanporaketan, eta Ochoak bezala, sailkapena lortu du.

Honekin lotutako berriak

18-urria-2025

Annette Gonzalez-Etxabarrik bigarren amaitu du Challenger Serieetako Saquarema Pro txapelketan eta Championship Tourrerako txartela ematen duten postuetan sartu da

Informazio gehiago
14-iraila-2025

Janire Gonzalez-Etxabarri Basque Teameko surflaria, Munduko txapeldun El Salvadorren

Informazio gehiago
12-iraila-2025

Aitor Francesena etxera itzuli da munduko txapeldunaren tituluarekin

Informazio gehiago
08-iraila-2025

Aitor Francesenak seigarren aldiz bereganatu du Munduko txapelketa 

Informazio gehiago
03-abuztu-2025

Annette Gonzalez-Etxabarri surflariak hirugarren amaitu du, ezustekoa emanda bere debutean US Openean

Informazio gehiago
28-uztaila-2025

Matx podcasta 03: Keoni Lasa

Informazio gehiago