Aitor Francesenak laugarren postuan amaitu du Pismo Beacheko Munduko Txapelketa
11-abendua-2021

Aitor Francesenak laugarren postuan amaitu du Pismo Beacheko Munduko Txapelketa

Aitor Francesena

Finalera arte jokatutako txanda guztietan nagusitu da zarauztarra baina finalean epaileek zigortu dute interferentzia batengatik

Aitor Francesenak berriro erakutsi du mundu mailan ia parekorik ez duela. Aurrekoetan bezala, azken hilabeteetan Kaliforniako Munduko Txapelketara punturik onenean iristeko prestatu du bere burua. Hori erakutsi du txapelketa osoan zehar, nahiz eta finalean lortutako laugarren postuak zapore gazi-gozoa utzi dion.

Aurten pandemiak ez du surf egokituaren hitzordu handia atzeratu, 2019an gertatu zen bezala. Coronabirusa duela urte eta erdi inguru igaro eta ospitaleratu behar izan bazuten ere, “Gallo”k ez du zalantzarik izan berriro ere Estatu Batuetara bidaiatzeko Munduko txapeldunaren titulua berresten saiatzeko.

Oro har, Aitorrek ez die arerioei aukerarik eman Pismo Beachen jokatutako Munduko Txapelketan. Txapelketak ligaxka formatua izan du, surflari erregularrenak eta txapelketan olatu onenak izan dituztenak sarituz. Zarauztarrak ez zuen arazorik izan Henry Martinez costarricarra (8.83) eta Adriani Botez alemaniarra (2.74) mendean hartzeko, 7.83ko olatu bat eta 6.60ko beste bat zamalkatuta, 14.43 puntu pilatuz lehen jardunaldian.

Matteo Salandri italiarraren (8.64) eta Juan Manuel Ramajo espainiarraren (6.63) aurka ere onena izan zen bigarren jardunaldian. Francesenak 6.etik gorako puntuazioekin hasi zuen txanda, eta behetik gora egin zuen 8.50eko olatu bat lortzeko. Olatu horrek, 6.00ko beste batekin batera, 14.50eko puntuazioa eta final handirako txartela eman zizkion.

Epaileek puntuazio onenak eman dizkiote Basque Teameko surflariari txapelketan.

Lauko finalean Ben Neuman alemaniarrak 5.17koarekin kolpea jo du lehenengo, eta Aitorrek 7.50eko batekin erantzun dio. Elias Figue Diel brasildarra 7.10 eta 5.53ko emaitzekin lehenengo postuan jartzen saiatu da. Hala ere, ondoren, zarauztarrak Kirk Watson australiarrak lehentasuna zuen maniobra bat oztopatu du eta epaileek bere bigarren olaturik onena kentzea erabaki dute interferentziagatik, txandako laugarren tokian jaitsiz. Horrela, urrea brasildarraren esku geratu da azkenean.

2016an eta 2020an ‘Gallo’ Munduko txapeldun izan zen, brontzea irabazi zuen 2017an eta laugarrena izan zen 2018an. 2021ean ere laugarren postuarekin konformatu behar izan du.

Honekin lotutako berriak

17-apirila-2026

Taldeak gidatzeko artea: aldageletatik ikasten

Informazio gehiago
15-apirila-2026

Lehendakariak kirolari olinpikoak zoriondu ditu Milano-Cortinako Jokoetan parte-hartzeagatik

Informazio gehiago
26-martxo-2026

Basque Team KORRIKArekin!!!

Informazio gehiago
06-martxo-2026

Basque Teamek goi mailako kirolean berdintasunarekin duen konpromisoa indartzen du 

Informazio gehiago
25-otsaila-2026

‘Baloreetan BAT’ proiektuak goi mailako kirolaren balioak hezkuntza sistemara hurbiltzen jarraitzen du

Informazio gehiago
23-otsaila-2026

Basque Teameko Oier Ibarretxe boxeolariak bere ibilbide olinpikoa profesionaltasunarekin uztartuko du

Informazio gehiago