7. kapitulua: Mahai-tenis egokitua / ‘Abiapuntu ezberdinak, helburu berdina’
Lehen begiratuan badirudi Iker Sastrek eta Ander Cepasek ez dutela zerikusirik. Sastre mahai-tenisa praktikatzen hasi zen, surfa egiten ari zela istripu batek muineko lesio bat eragin ondoren. Cepasi, aldiz, jaiotzatik datorkio desgaitasuna. Gipuzkoarrak Ikerrek baino gazteago eman zituen lehen urratsak diziplina honetan. Belaunaldi desberdinetakoak dira eta hasiera ezberdina izan dute kirol honetan, baina badituzte gauza komunak ere, itsasoarekiko maitasuna adibidez; Ikerren kasuan bere bizitza baldintzatu du nolabait, eta Anderren kasuan betidanik egon da berari lotuta, bere jaioterrian, Donostian. Helburu berak ere batzen ditu: nazioarteko mailan mahai-tenis egokituaren eliteari eustea eta Pariseko Jokoetan podiumera igotzea.
Iker Rio de Janeiroko Jokoetarako sailkatzeko zorian egon zen 2016an, baina azkenean ez zuen lortu. Tokiokoetan, berriz, diploma bat lortu zuen binakako txapelketan. Munduko eta Europako txapelketetan eta Munduko Kopetan eskarmentu handia eta dominak ditu Sastrek, eta bere palmaresa Jokoetako metal batekin osatu nahi du. Anderrek, bere aldetik, bere estreinako Joko Paralinpikoez gozatuko du Frantziako hitzorduan. Azken bi urteetan progresio harrigarria izan ondoren, loria erdiesteko faboritoetako bat da.