basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
Surfa 02
martxoa
2024

Andy Crierek eta Joan Duruk plaza olinpikoak lortu dituzte Puerto Ricoko Munduko Surf Txapelketan

Nadia Erostarbek aurrera jarraitzen du txapelketa nagusian eta Janire Gonzalez-Etxabarrik agur esan dio lehiaketari

Atzo Nadia Erostarbek eta Janire Gonzalez-Etxabarrik eskuratu zuten Teahupooko olatu mitikoan Joko Olinpikoak jokatzeko txartela eta gaur beste bi kirolarik euskal surfa Munduko Txapelketa honetan izaten ari den bide arrakastatsuaren beste kapitulu bat idatzi dute.

Andy Criere izan da Jokoetarako txartela lortzen lehena. Errepeskako 9. kanporaketan aurrera egiteari esker, oraindik kuotarik gabe jarraitzen zuten lehiaketako sei gizon onenen artean kokatzea lortu du, eta horrek, hain zuzen ere, plaza olinpikoa ziurtatzea ekarri dio.

Lankideen “¡Andy, Andy!” oihuez lagunduta, Fernando Aguerre ISAko (International Surfing Association) presidentearen eskutik jaso du Crierek Paris 2024rako kuota ziurtatzen zuen tiketa, hondartzan bertan.

“Ezin dut sinetsi. Egia bihurtutako ametsa da. Jende askok lagundu dit nagoen lekura iristen. Erronka berri bat dugu elkarrekin prestatzeko” adierazi du Donostian jaio baina Hendaian bizi den surflariak.

Crierek, gainera, lehian aurrera egiten jarraitzen du, lan bikaina biribilduz gaur, Arecibon bildutako jendearen gozamenerako. 9. errepeska igaro ondoren, gauza bera egin du 10. errepeskan, eta, beraz, oraindik aukera du lehiaketa nagusira itzultzeko.

Andyk txartela lortu ondoren, bi ordu geroago, Joan Duruk ere lortu du. Baionan jaiotako surflaria Marco Mignot taldekidearen emaitzak baldintzatzen zuen, baina 10. errepeskan erori denez, Duruk matematikoki ziurtatu du Jokoetarako txartela. Joanek bigarren postuan gainditu du lehiaketa nagusiko 6. kanporaketa eta bihar Gabriel Medina brasildarra, Kauli Vaast frantziarra eta Alonso Correa perutarra izango ditu aurkari zazpigarren kanporaketan.

Nadia Erostarbek ere munduko titulua eskuratzeko aukerekin jarraitzen du Puerto Ricon. Zarauztarrak presiorik gabe surfeatu du gaur 5. kanporaketan eta 6.era pasa da, finalaren aurreko azken txandara, non Sol Aguirre perutarra, Sally Fitzgibbons australiarra eta Johanne Defay frantziarra izango dituen aurkari.

Bestalde, Janire Gonzalez-Etxabarrik errepeskako 7. kanporaketan agur esan dio txapelketari, Camilla Kemp alemaniarraren, Tessa Thyssen frantziarraren eta Anat Lelior israeldarraren aurka galdu ostean. Dena den, Zumaiako surflariak egindako lanarekin oso pozik amaitu du  bere lehen Munduko Txapelketa absolutua.