basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
Triatloia 18
maiatza
2016

Ainhoa Murua triatleta proba ona egiteko ilusio eta gogoekin joango da Riora

Ainhoa Murua triatletak Basque Team eta Fadurako Hobekuntza Teknikorako Zentroa bisitatu ditu gaur. Prentsaurrekoan adierazi du Riora ilusioz beterik joango dela, eta han aurreko Jokoetan pilatutako esperientzia oso baliagarria izango zaiola.

Ainhoa Murua triatletak hain zorrotza den diziplina batean oso gutxik lortu dutena egin du, laugarrenez Olinpiar Joko batzuetarako sailkatzea: Atenas, Beijing, Londres eta, orain, Rio. Sailkapena lortu izanak argi erakusten du BASQUE TEAMeko beka duen kirolariak triatloiaren munduko eliteari eutsi diola 16 urtez jarraian.

Rio de Janeirokoak zarauztarraren laugarren Olinpiar Jokoak izango dira, soilik hiru euskal kirolarik erdietsitako kopurua da hori. Maider Telleria belar-hockey jokalariak, Ainhoa Ibarra eskiatzaileak eta Almudena Cid gimnastak baino ez dute lortu. Gizonezkoetan ez dago lau Jokotan parte hartu duen euskal kirolaririk.

Jokoak hasi orduko 38 urte izango dituen Ainhoa Muruaren ilusioa bere olinpiar marka gainditzea da, orain dela lau urte erdietsitako diploma hobetzea, alegia. Eskuratu daitekeen helburua da bere “burugogorkeriagatik”, berak brometan esaten duen moduan. Dena den, aitortzen du “lehiakideek oso maila ona daukatela”. Berak ondo daki, eurekin aurten hainbatetan borrokatu baita: Abu Dhabiko World Triathlon Series-etan (25. postua), Mooloolaba World Cup-ean (Australia) (22. postua), New Plymoutheko World Cup-ean (Zeelanda Berria) (9. postua), Gold Coasteko World Triathlon Series-etan (Australia) (13. postua) eta Cape Towneko World Triathlon Series-etan (Britainia Handia) (11. postua).

Ainhoa Murua (Zarautz, 1978) 20 urterekin hasi zen triatloian, igeriketa praktikatzen 6 urterekin hasi bazen ere. 2002an bere lehenego munduko txapelketa jokatu zuen, eta harrezkeroztik munduko beste 10 txapelketa eta Europako beste 12 jokatu ditu. Olinpiar diplomaz gain, bere palmaresean nabarmentzen dira txapelketa kontinentalean erdietsitako 2015eko brontzea eta 2012ko zilarra. Emaitzek goi mailako kirolean jarraitzeko lagundu zioten, bere hasierako asmoa kirol ibilbidea Londreseko Jokoetan bukatzea izan baitzen. Orain urrezko ukitua eman ahal dio Rio de Janeiron.
“Igeri egitea, bizikletan eta oinez korritzea. Benetan dena baino errazagoa ematen du, baina hiru diziplinetan teknikoki eta fisikoki (prestaketa mentala alboratu gabe) bilatzen den hobekuntzaren eta egunero hainbeste ordu lan eginda lortzen diren emaitzen artean, urte askotako ibilbidea dago”, dio.

DATU ESANGURATSUAK

Goi mailako txapelketetan 15 urte daramatza Ainhoak eta mailari eusteaz gain, hobetu ere egin du azken urteetan, 2012an Londreseko Jokoetan bere mailarik gorena lortuz.

• Goi mailako nazioarteko txapelketetan 26 aldiz hartu du parte: 3 Olinpiar Joko (diploma 1), 11 Munduko Txapelketa eta 12 Europako Txapelketa

• Parte-hartzea 2002tik-2016ra (nazioartean maila gorenean lehiatzen 15 urte daramatza, beste euskal triatletarik lortu ez duena)

RIO 2016RAKO SAILKAPENA ESKURATZEKO LORTUTAKO EMAITZAK
World Triathlon Series Abu Dhabi (2016ko martxoaren 5ean): 25. postua
World Cup Mooloolaba (2016ko martxoaren 13an): 22. postua
World Cup New Plymouth (2016ko apirilaren 3an): 9. postua
World Triathlon Series Gold Coast (2016ko apirilaren 10ean): 13. postua
World Triathlon Series Cape Town (2016ko apirilaren 24an): 11. postua

LORPEN GARRANTZITSUENAK
3 aldiz olinpiar triatleta
7. postua eta diploma Londres 2012n
24. postua Atenas 2004n
28. postua Beijing 2008n
Urrea 2013ko Guatapeko Munduko Kopan
Bi domina Europako Txapelketetan: zilarra 2012an eta brontzea 2015ean
Brontzea 2006ko Errelebuetako Munduko Txapelketan
5 aldiz Espainiako Txapelduna olinpiar distantzian