Zuriñe Rodriguez eta Ainhoa Murua guztia emateko prest Londreseko triatloian
26-ekaina-2012

Zuriñe Rodriguez eta Ainhoa Murua guztia emateko prest Londreseko triatloian

Euskal triatletak prestakuntzaren azken txanpan daude abuztuaren 4ko hitzorduari begira

2012ko ekainaren 26a.-Londreseko Joko Olinpikoetako emakumezkoen triatloian izango ditugun bi ordezkariak, Ainhoa Murua eta Zuriñe Rodriguez, babesle duten Basque Team fundazioaren egoitzan agertu dira gaur hedabideen aurrean. Abuztuaren 4an beraien onena emateko konfiantzarekin daudela azaldu dute, irteera gunean bien arteko aldea esperientzian egon daitekeen arren: gizpukoarrak hirugarrenez hartuko du parte Jokoetan eta bizkaitarrak berriz bere debuta egingo du triatloian.

Ainhoa Murua (Zarautz, 1977/1/18) Londresen bere hirugarren parte hartzea izango du Jokoetan: 24. sailkatu zen Atenas 2004an eta 28. Beiing 2008an eta ingalaterrako hiriburua itxaropen handiekin abiatuko da oraingoan, raking olinpikoan 15. amaitu baitu eta estatuko triatloilarien artean gehien nabarmendu dena izan da. 2012a urte bikaina suertatu da Ainhoa Muruarentzat nazioarteko zirkuituan, zilarrezko domina eskuratu baitzuen Eliaten (Israel) jokatutako Europako Txapelketan Londreserako faboritoen artean dagoen Nicola Spiring suitzarraren atzetik. Azken bi urteetan laugarren postuan amaitu zuen zarauztarrak aipatutako txapelketan.

ITU World Series txapelketan berriz, Londresen dominen lehian sartuko diren triatleta gehienek parte hartzen duten lehiaketan, bere emaitzarik aipagarriena orain bi hilabete heldu zen Sidneyn, 6. postuan amaituz maila goreneko proban. ITU World Series-eko rakingean 12. kokatzea ahalbidetu du Ainhoa, aurreko urtearekiko bi postu onduz. Azken hilabeteetako emaitza txukunei gaineratu behar zaie 6. postua Madrilgo triatloian eta urrezko domina Quarteirako (Portugal) Europako Kopan.

Zarauztarrak adierazi duenez, “ez dakit lortuko dudan azkenean baina urte guztia onenekin lehiatzen egon naizenez ez dut ezinezkoa ikusten lehen zortzi sailkatuen artean egotea, eta hortaz, diploma lortzea”. Izan ere, Ainhoaren ustetan, “hirugarrenez Jokoetan egotea urte asko goi mailan eman dituzunaren seinale da, eta inpresioa daukat urtero urtero hobetzen joan naizela eta Londresera nire momenturik onenean helduko naizela”. Beijin-go “arantza” oraindik sartuta duen arren, “lehiaketa egunerako bi egun falta zirela gaixo jarri nintzen eta bizikletatik erori nintzen”, Joko Olinpikoetatik oroitzapenak beti onak direla gaineratu du. Abuztuaren 4an jokatuko den probaren gainean Ainhoaren aburuz, “aurretik prebisioak egin ditzazkegun arren edozein momentutan alda daiteke lasterketa eta momentuan momentuko erabakiak hartzera behartu zaitzake. Beraz, detaile guztiekin adi egotea tokatzen zaigu eta oso konzentratuta lan ona egiteko”.

Zuriñe Rodríguez (Barakaldo, 1982/05/21) Estreinekoz arituko da Joko Olinpikoetan, Beijingo 2008rako sailkapena lortzen saiatu arren azken orduan zerrendatik kanpo geratu baitzen.

Londreserako sailkapena orain gutxi gauzatu zuen Madrilgo triatloian 31. amaituz, postu berean amaitu du Zuriñek gainera ranking olinpikoko sailkapenean. ITU World Series lehiaketako zerrendan berriz 41. postuan azaltzen da berriz triatleta bizkaitarra. Iaz lortutako emaitza bikainei esker gauzatu du bere ametsa Zuriñek, brontzeko bi domina eskuratuta amaitu baitzuen urtea: Guatapen (Kolonbia) eta Tongyeongen (Hego Korea) jokatutako Munduko Kopatan alegia. 2011n World Series-etako finala era korritu zuen Beijingen, proba 35. amaituz.

Estreinekoz Jokoetan arituko den Zuriñek esan duenez “denbora asko daramat joko hauetan pentsatzen, 2009tik alegia, aurreko bi ediziotan ordezkoa izan bainaiz eta orain niri egokitu zait, are eta gogorrago entrenatu dut lortu nezakeen pentsamenduarekin eta helburua bete dut jada”. Lehiaketaren handitasuna, lehen aldiz parte hartzen duenarentzat traba ere izan daitekela aitortu eta gero Zuriñeren hitzetan “urduritasuna areagotu daiteke baina azkenean mundialetan eta munduko kopatan arerio izan ditugun kirolarien aurka lehiatzen gara”. Bizkaitarrak argi dauka “barrutia oso polita dela, oso turistikoa baita ere, baina taktikoki ez dut gustoko, egokitzeko lanean ari naizen arren. Itzuli bakarra dauka eta ni ez nago hortara ohituta eta baliteke igeriketan oso azkarra den batek ihes egitea eta taldetxoa sortzea; oinezkoa oso laua da eta azkarra izan daiteke, beraz lan eskerga egin beharko dut bizikleta gainean aurreko postuetan sortuko diren taldetxoetan sartzeko”. Lehiaketa egunera “atseden hartuta, ondo entrenatuta eta ehuneko ehuna emateko prest” iristea espero du.

Ainhoa eta Zuriñe izango dira euskal ordezkariak Jokoetan laugarrenez egingo den triatloian, Sidney 2000koan abiatu baitzen triatloia kirol olinpiko gisa. Londresekoak 1.500 metro izango ditu igeriketan, bizikleta gainean 43 kilometro (barrutiari zazpi itzuli) eta beste 10 kilometroko korrikaldi saioa, hiriko leku esanguratsuenetatik pasako dena, besteak beste, Hyde Park, Buckingham Palace, Wellington Arch edota Constitution Hill-etik. Faboritoen artean ITU World Series-eko sailkapenean agintzen dutenak apaitu behar dira, Helen Jenkins britaniarra, Andrea Hewitt zelandaberritarra, Anne Haug alemaniarra, Erin Densham australiarra, Nicola Spirig suitzarra eta Vicky Holland britaniarra ere.

Honekin lotutako berriak

05-iraila-2024

Basque Teameko Nahia Zudaire igerilariak bere bigarren diploma irabazi du, oraingo honetan bular estiloko 100 metroko S7 proban

Informazio gehiago
05-iraila-2024

Ander Cepas Basque Teameko mahai-teniseko jokalariak brontzezko domina ziurtatu du Pariseko Jokoetan

Informazio gehiago
03-iraila-2024

Asier Garciaren selekzioa gurpildun aulkiko saskibaloiko dominen lehiatik kanpo geratu da, Parisko Jokoetan

Informazio gehiago
02-iraila-2024

Iñigo Llopisek bere bigarren domina irabazi du Parisko Joko Paralinpikoetan

Informazio gehiago
02-iraila-2024

Rakel Mateo Basque Teameko kirolariak hamargarren amaitu du Pariseko Jokoetako paratriatloia

Informazio gehiago
01-iraila-2024

Heïdi Gaugain txirrindulariak zilarra bereganatu du 3.000 metroko jazarpen proban

Informazio gehiago