"Tokioko Jokoak izango ditut helburu bezala"
Ane Santestebanek nazioarteko tropeleko eskalatzailerik fidagarrienetako bat dela erakutsi du denboraldian zehar eta hori ez zaio oharkabean pasa ‘Mitchelton-Scott’ talde indartsuari. Datorren urtean bertan korrituko du Anek Amanda Spratt australiarraren mailako txirrindulariekin batera. Basque Team Fundazioaren beka jasotzen duen txirrindulariak onartzen du Holandako txirrindulariak une honetan trataezinak direla, beste maila batean daudela, baina horrek ez dio lehiakortasunik kentzen, Imolako Munduko Txapelketan edo Giroan erakutsi duen bezala; azken proba horretan sailkapen nagusian zazpigarrena izan baitzen. Santestebanen ustez, oraindik hobetzeko tartea du, eta Tokioko Jokoak nabarmentzen ditu datozen helburuen artean.
“Urte oso arraroa izan da baina aldi berean niretzat oso positiboa. Azken urteetan progresio bat eraman dut eta espero dut holan jarraitzea. Pertsonalki, jarritako helburu guztiak lortu ditut eta batez ere oso pozik nago Giroko zazpigarren postuarekin”.
“Txikitatik hori izan da nire punturik indartsuena (erregulartasuna). Ez dut egun oso onik eduki Giroan, ezta txarrik ere, baina erregulartasun horrek eraman nau sailkapen nagusian zazpigarren postua lortzera.
“Azken urteetan puntu bat gora joan naiz eta espero hurrengo urteetan holan izatea. Uste dut mentalki prest nagoela progresio horrekin jarraitzeko eta gogotsu ere”.
(Zer egin behar da holandarren mailara heltzeko?) “Jakingo banu uste dut maila horretan egongo nintzatekeela. Egia esan, bai Euskal Herrian eta bai Espainia mailan, gauzak hobetuz doaz. Zuen laguntzei esker, nire mailan, ikusi dugu azken urteetan, 2016tik, nolako pausoa eman dudan. Horrelako laguntzei esker gure maila hobetuz doa”.
“Tokioko Joko Olinpikoak izango ditut helburu bezela. Aurten ere holan zen, baina pasa denarekin dena aldatu izan da. Espero dena ondo joatea”.
“Beste motibazio eta inspirazio batzuk behar dira eta hurrengo urtean Amanda Spratt edo iaz Donostiako Klasikoa irabazi zuen Lucy Kennedy bezalako taldekideak izatea niretzat sekulako motibazioa da. Uste dut horrek ere lagunduko didala progresioarekin jarraitzeko”.