28-abendua-2011

"BAT to London 2012" saioko seigarren atala bihar ETB-SATen euskal olinpiarrekin

Juanjo Aranburu tiratzailea eta Ainhoa Murua triatloilaria protagonisten artean egongo dira

2011ko abenduaren 28a.- Londres 2012ko Olinpiar Jokoetarako sailkapena lortu nahi duten kirolarien jarraipena egin ohi du BAT to London 2012 saioak eta asteazkenean ETB-SATen emitituko da hirugarren atala gaueko 23:00etatik aurrera. Iñigo Asensiok aurkeztuta gure kirolari olinpiarren prestakuntza jarraituko du gertu-gertutik eta horrez gain kirolari, entrenatzaile eta senitartekoekin elkarrizketak eta olinpiarrak izandako kirolarien testigantzak jasoko ditu. Era berean programak arreta berezia eskeiniko dio Londresen, 2012ari begira, burutzen ari diren prestaketei.

Urteko azken saioari Martin Fiz atleta handiak emango dio hasiera, bere kirol ibilbidean olinpiar jokoetan bizi izan dituen zenbait pasarte gogora ekarriz. Gasteiztarrak laugarren postu ikusgarria lortu zuen Atlantako maratoian, 1996an, eta seigarren izan zen lau urte geroago Sidneyn, mundu mailako atleta onenekin parez pare lehiatuz.

Londreserako sailkatzen lehenetarikoa izan den Juanjo Aranburu tiratzaile gipuzkoarrak hartuko du Fizen lekukoa. Skeet-eko modalitatean Beijing ‘08an hartu zuen parte irundarrak, eta aurten Munduko txapelduna bilakatu ostean Londresen dominen lehian sartzea du helburu nagusia. BAT to London saioko lan-taldeak Mallorkan egin dio bisita gipuzkoarrari bertan ari baita prestaketa burutzen.

Jokoetako probarik gogorrenetarikoan ere euskal ordezkaritza izango da Londresen, izan ere Ainhoa Murua zarauztarrak triatloian hartuko du parte beste behin azken bi ekitaldietan, Atenas eta Beijingen, egin duen bezala. Inoizko denboraldirik txukunena bukatu du Ainhoak goi mailan ari denetik eta hurrengo hilabeteetan prestaketan murgilduko da bete-betean, Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolan burutzen ari den irakasle praktikekin uztartuz.

Saioak Londresera egin ohi duen bisitan kamerak lehiaketa gunean sartzea lortu dute euskal piraguistekin. Slalomeko probak hartuko dituen ur bizietako kanala aztertu dute Xabier Etxaniz hautatzailearekin batera gure piraguistek, jokoak asteko sei hilabete eskas falta direnean.

Nazioarte mailako elitezko kirolean euskal kirolarien parte hartzea sustatu eta babesten duen erakundeak, BAT Basque Teamek, abian jarritako egitasmoa da “BAT to London 2012” saioa. Kontrol Z ikus-entzunezkoen ekoizlearekin elkarlanean, 25 minutuko iraupena izango duten 12 saioa bilduko ditu hilabeteroko maiztasunarekin eta Londres 2012ko Olinpiar Jokoak hasi bitartean.

Honekin lotutako berriak

13-iraila-2024

Pariseko Joko Olinpikoak eta Paralinpikoak azken hamarkadetako emankorrenak izan dira Euskal Autonomia Erkidegoarentzat, parte-hartzeari eta emaitzei dagokienez

Informazio gehiago
12-iraila-2024

Iñigo Llopis eta Ander Cepas Basque Teameko kirolariek Pariseko Joko Paralinpikoetan lortutako dominak aurkeztu dituzte etxean

Informazio gehiago
05-iraila-2024

Basque Teameko Nahia Zudaire igerilariak bere bigarren diploma irabazi du, oraingo honetan bular estiloko 100 metroko S7 proban

Informazio gehiago
05-iraila-2024

Ander Cepas Basque Teameko mahai-teniseko jokalariak brontzezko domina ziurtatu du Pariseko Jokoetan

Informazio gehiago
03-iraila-2024

Asier Garciaren selekzioa gurpildun aulkiko saskibaloiko dominen lehiatik kanpo geratu da, Parisko Jokoetan

Informazio gehiago
02-iraila-2024

Iñigo Llopisek bere bigarren domina irabazi du Parisko Joko Paralinpikoetan

Informazio gehiago