Salma Solaunek zilar bat eta bi brontze lortu ditu Cluj-Napocako World Challenge Cup txapelketan
Basque Team eta Euskadiko Gimnastika Federazioaren bikaintasun proiektuko kidea denboraldi bikaina egiten ari da taldekakoan
Salma Solaunek aurtengo hitzordu handi guztietan dominaren bat irabazi du. Lehenengoa Iruñeko World Challenge Cup txapelketan lortu zuen: zilarra bost uztaiko finalean. Hurrengo hitzorduan, Portimaokoan, hiru aldiz igo zen podiumera, hiru zilarrezko domina eskuratuta: lehena lehiaketa orokorrean, bigarrena bost uztaiko ariketarekin eta azkena hiru zinta eta bi pilotako ariketa mistoarekin.
Bi hitzordu horien ondoren etorri zen plater nagusia, Tel Aviveko Europako txapelketa, eta han ere ez zuen huts egin. Etorkizun oparoa duen Arabako gimnastak jardun sendoa egin zuen Israelgo hirian pilota eta zintako final mistoan zilarrezko domina lortzeko, baita bosgarren postu aipagarria ere uztaietan.
Asteburu honetako emaitzak erakusten du diziplina kolektiboan lehiatzearen aldeko apustua egin izana erabaki egokia izan dela. Salma oso integratuta dago eta protagonismoa du emaitza handiak lortzen ari den taldean.
Cluj-Napocako Munduko Kopan, Alejandra Quereda hautatzailearen eta Ana Pelaz entrenatzailearen gidaritzapean aritu den senior taldeak, hirugarren postuan itxi zuen atzo sailkapen nagusia, bere lehen brontzea eta igandeko bi finaletarako txartela eskuratuz.
Gaurko lehen finalean, bost uztaien finalean, 34.450 puntu pilatu eta hirugarren metal preziatuena zintzilikatu dute, eta tapizean izan duten azken agerraldian, zinta eta piloten final mistoan, 29.700 punturekin, zilarra irabazi dute.