Paul De la Cuesta:
30-urria-2013

Paul De la Cuesta: "Olinpiar Jokoetan nire helburua lehen 15en artean sailkatzea izango da"

Sochi 2014ko Jokoak hasteko 100 egun falta direnean donostiarra Faduran aritu da bere prestaketa zorrozten

2013ko urriaren 30a.- Sochi 2014ko neguko Olinpiar Jokoak (www.sochi2014.com/en/) hasteko 100 egun falta direnean Paul De la Cuesta donostiarra da, momentuz, otsailaren 7tik 23a bitartean Errusian lehiatzeko sailkatuta dagoen euskal kirolari bakarra. Basque Team-en babespean lehiatzen ari den eskiatzaileak Jeitsieran eta Super Erraldoian jarriko ditu indar guztiak, lehen 15 sailkatuen artean amaitzeko helburuarekin.

Entrenatzailea eta prestatzaile fisikoa aldatu ditu aurten De la Cuestak eta udan Txilen eta Argentinan burutu ditu entrenamenduak. Azaroan Europa eta Munduko Kopako probatan hartuko du parte, puntuak bildu eta Jokoetan irteera postua hobetzeko xedearekin. Munduko Kopako Jeitsieran eta Super Erraldoian lehen 30 sailkatuen artean sartzea izango du helburu eta donostiarrak ez du baztertu nahi Erraldoian eta Super Konbinatuan ere parte hartzea.

Jeitsiera da, dudarik gabe, abiadurazko probarik aipagarriena eta Super Erraldoiak berriz koordinazioa eta doitasuna uztartzen ditu bihurguneak hartzerako garaian. Erraldoian berriz ate gutxiago eta hauen arteko distantzia urriagoa izaten da, biraketa itxiagoak eta teknika zorrotzagoa eskatzen duelarik. Azkenik Super Konbinatuak Jeitsiera bat eta bi saioetara jokatutako eslalona uztartzen ditu.

Basque Team-ek Fadurako Hobekuntzarako Teknikorako Zentruan duen egoitzan egin berri ditu adierazpenak eskiatzaileak denboraldi berriari begira, bertan indarra neurtzeko azterketak burutzen ari zela.

“Txikitatik egin dut lan Jokoetan egoteko, lehenik Vancouverrera iristeko 2010ean eta orain Sochirako, bertan nire emaitzak hobetzeko helburuarekin. Ondo joan da denboraldiaurrea, lan egiteko era aldatu dut eta nahiko gustora geratu naiz entrenamendueki eta Olinpiar Jokoetara sasoiko iritsiko naizela uste dut. Lehen indarra zen nire lanaren ardatz nagusia, oso lan agresiboa zen eta orain berriz bihurguneetan sartzeko teknika landu dut gehiago, hortxe aprobetxatzen baita postuak aurreratzea ahalbidetzen duen abiadura. Prestakuntza fisikoari dagokionean nire lana orain mailakakoagoa da eta era berean iraunkorragoa, emaitzak ikustea besterik ez dago”

Eguteagiari begira, azaroko bigarren hamabostaldian Kanadan abiadurazko Munduko Kopan lehiatuko naiz eta aurretik Austrian Europako Kopako bi saio izango ditut, bertan puntuak pilatu eta Jokoetara sasoiko iristeko oso baliagarriak izango zaizkit. Abiadura Erraldoiarekin uztartu nahi dut, iaz probak eskatzen duen erritmoa galdu nuen eta udan berreskuratzen joan nahi apurka-apurka.

Denboraldi hasierako helburu nagusia Munduko Kopako lehen 30 sailkatuen artean sartzea izango da, helburu eskuragarria izan daitekeela uste dut, eta otsailean berriz Jokoetako lehen 15 eskiatzaileen artean sartzea. Jeitsiera eta Super Erraldoia ditut begi artean, proba hauetan hobetu baitut azken urteetan eta sentsazio onekin ari naiz lanean. Beharbada Erraldoia eta Super Konbinatua ere egiteko aukera izan dezaket baina beti ere beste maila batean, aurreneko biak baitira helburu nagusia”.

Honekin lotutako berriak

05-iraila-2024

Basque Teameko Nahia Zudaire igerilariak bere bigarren diploma irabazi du, oraingo honetan bular estiloko 100 metroko S7 proban

Informazio gehiago
05-iraila-2024

Ander Cepas Basque Teameko mahai-teniseko jokalariak brontzezko domina ziurtatu du Pariseko Jokoetan

Informazio gehiago
03-iraila-2024

Asier Garciaren selekzioa gurpildun aulkiko saskibaloiko dominen lehiatik kanpo geratu da, Parisko Jokoetan

Informazio gehiago
02-iraila-2024

Iñigo Llopisek bere bigarren domina irabazi du Parisko Joko Paralinpikoetan

Informazio gehiago
02-iraila-2024

Rakel Mateo Basque Teameko kirolariak hamargarren amaitu du Pariseko Jokoetako paratriatloia

Informazio gehiago
01-iraila-2024

Heïdi Gaugain txirrindulariak zilarra bereganatu du 3.000 metroko jazarpen proban

Informazio gehiago