Paul De la Cuesta, L.Eguibar eta Imanol Rojo dira Sochin lehiatuko diren euskal ordezkariak
Neguko olinpiar jokoetan izandako euskal ordezkaritzarik zabalena osatuko dute, Naganoko 1998koaren paretsukoa.
2014ko urtarrilak 22.- Euskal kirolak hiru ordezkari izango ditu otsailaren 7tik 23ra bitartean Sochin (Errusia) antolatuko den Neguko Olinpiar Jokoen 2014ko edizioan. Basque Team-en babespean diharduten hiru gipuzkoar hauek dira: Paul de la Cuesta alpetar estiloko eskiatzailea, Imanol Rojo iraupeneko eskiatzailea eta Lucas Egibar snowboarderra. Hiruren artean, neguko olinpiar jokoetan izandako euskal ordezkaritzarik zabalena osatuko dute, Naganoko 1998koaren paretsukoa.
Paul de la Cuesta (Donostia, 1998/11/28) honako proba hauetan lehiatuko da: Jaitsiera (otsailak 9), Super Konbinatua (otsailak 14), Super Erraldoia (otsailak 16) eta Erraldoia (otsailak 19). De la Cuestak esperientzia zabala hartu zuen Vancouverreko 2010eko Jokoetan, 32. postua lortuz Slalom Erraldoian, 35.a Super Erraldoian eta 51.a Jaitsieran. Schaldmingen (Austria) jokatutako 2013ko Munduko Txapelketan, Paulek orain arteko emaitzarik onenak lortu zituen: 18. Postua Super Konbinatuan, 33.a Jaitsieran eta 37.a Super Erraldoian.
Lucas Egibar (Donostia, 1994/02/09) SBX (Snowboardcross) delako proban lehiatuko da otsailaren 17an, eta hauxe da olinpiar jokoetan egingo duen lehendabiziko ekinaldia. 2012/2013an, senior kategorian jokatu duen lehenengo denboraldian, gogoan hartzeko moduko emaitzak lortu zituen Munduko Kopan (6.a Sierra Nevadan eta 3.a Arosan, Suitzaa). 2012an Munduko Txapelduna bihurtu zen junior kategorian Erzurum-en (Turkia), eta orain arteko ibilbidean zenbait garaipen ere lortu ditu Europa Cup-ean.
Imanol Rojo (Tolosa, 1990) bost urte eskas zituela murgildu zen eskia munduan, eta 11 urterekin lehiatzen hasi zen. Lehendabiziko aldiz aukeratu zuten 15 urte zituela, eta harez geroztik lortutako emaitzen artean, honako hauek nabarmen daitezke: kadete kategorian, Espainiako txapela 2006-2007an, distantzia luzeko txapela eta bi aldiz Espainiako txapela 2007-2008an; junior kategorian, Espainiako txapelduna izanda bi aldiz eta errelebo mistoetako txapelduna 2008-2009an, eta Nazioarteko Federazioaren lasterketa baten irabazle eta bi aldiz Espainiako txapelduna 2009-2010ean; kirolari senior bezala, Team Sprint-eko Espainiako txapelduna izan zen 2010-2011n, eta ondorengo denboraldian, titulu hori berresteaz gain, errelebo mistoetako garaipena lortu zuen, 2012-2013an berritu zuen berbera. Vancouverreko 2010eko Olinpiar Jokoetarako aurre-aukeraketan izan zen, eta erabateko debuta 2012ko Munduko Txapelketan egin zuen.
Euskal parte-hartze historikoa Neguko Jokoetan
Luis Omedes izan zen Neguko Jokoetan parte hartu zuen lehenengo euskal kirolaria, Grenoblen 1968an. Neguko olinpiada 1936an jokatzen hasi zen, eta Grenoblekoa zazpigarren edizioa izan zen. Omedes luge deritzon lera bidezko jaitsieran lehiatu zen. Geroztik, hogei urte itxaron behar izan zen beste euskal ordezkaritza bat izateko Ainhoa Ibarraren eskutik. Ibarrak Calgaryn egin zuen bere debuta 1988an, eta ondorengo hiru edizioetan ere parte hartu zuen, Euskadiko kirolarien orain arteko parte-hartze errekorra ezarri zuelarik.
Calgaryko 1988ko jokoen ondoren, euskal ordezkaritza bana egon da Neguko Olinpiar Joko guztietan. Guztira, bederatzi euskal kirolari (zazpi gizon eta bi emakume) eta 16 parte-hartze izan dira Luis Omedesen debuteko jardunaz geroztik.
Ainhoa Ibarrarekin batera, hauek dira Neguko Olinpiar Jokoetan behin baino gehiagotan parte hartu duten euskal kirolariak: Iker Fernandez (snowboard-en, 1998, 2002 eta 2006an), Haritz Zunzunegi (cross country-n, 1998 eta 2002an) eta Paul de la Cuesta alpetar estiloko eskiatzailea, 2010ean Vancouverren euskal kirolari bakarra izan ondoren Sochin berriz ere lehiatuko dena. Ainhoa Ibarra bizkaitarra izan ezik, Neguko Jokoetan parte hartu duten euskal kirolari guztiak gipuzkoarrak dira: Sochin lehiatuko diren hiru kirolariei eta arestian aipatutako Luis Omedes, Iker Fernandez eta Haritz Zunzunegiri Silvia del Rincon eskiatzailea (Albertville’92) eta Ibon Idigoras snowboarderra (Turin’06) gaineratu behar zaizkie.
Joko Paralinpikoak
Bestalde, Jon Satacana eskiatzaile paralinpikoak bermatua dauka Sochin martxoaren 8tik 15era bitartean antolatuko diren Joko Paralinpikoetan parte hartzeko aukera, baina gaur egun, irailean Australian entrenatzen ari zela izandako Akilesen orpoko urratua sendatzeko prozesuan murgilduta dago. Garaiz sendatuz gero, bere laugarren parte-hartzea izango litzateke, Salt Lake City (2002), Turin (2006) eta Vancouverreko (2010) parte-hartzeen ondoren. Alpetar estiloko eskiatzaile honek sei domina lortu ditu guztira, hiru 2002an eta beste horrenbeste 2010ean. Bere palmares zabalean, Munduko Kopetan eta munduko eta Europako txapelketetan lortutako urrezko, zilarrezko eta brontzezko dominak bildu ditu. Jonek B2 kategoriako ikusmeneko urritasuna du, eta 2012-2013 denboraldian, bere karrerako unerik gozoenetakoa bizitzeko aukera izan du, une oro bidelagun duen Miguel Galindo aragoiarrarekin batera. Bata bestearen ondoan, hiru urrezko domina lortu zituzten Munduko Txapelketan, eta Munduko Kopako eta Europako Kopako azken sailkapen orokorrean izatea.