Patxi Peula dominarik gabe mundialean eta Bera Bera EHF Kopatik kanpo
Patxi Peula (enbaxadorea)Iaz Patxi Peulak hiru domina lortu zituen abiadura patinajeko Munduko Txapelketetan, tartean 10.000m puntuak eta eliminazio probako urrea pistan, baina aurten ez da halakorik gertatu. Taiwango Kaohsiung-en jokatutako Munduko txapelketetan dominen lehian sartu ezinda aritu da Basque Teameko patinatzaile gasteiztarra. Maratoia, azken proba, guztiaren isla: 21.a izan zen, zilarrezko eta brontzezko dominen sprinta jokatu zeneko multzoan egonik. Zortzi probatan parte hartu du eta Top-10ean hirutan egon da: 7. pistako 3.000m erreleboetan, 10. pistako 1.000m proban, eta zirkuituan 10. 10.000m puntuaketan.
Eskubaloian Bera Bera geratu da saririk gabe EHF Kopan: Iuventa Michalovce talde eslovakiarrarekin 24na berdindu zuen igandean Donostiako Gascan, joaneko partiduko 5 goleko zuloari buelta eman ezin eta final hamaseirenetako atarian kalera.
Kiyoshi Uematsu Asian dago, nazioarte mailako judo torneo entzutetsuetan parte hartuz. Larunbatean Txinako Quingdaon aritu zen eta lehen aurkariak kanporatu zuen, Rustam Orujov azerbaijandarrak; torneoko zilarrezko domina irabazi zuen aurkari horrek. Kiyoshiren hurrengo hitzordua Hego Koreako Jeju-ko Grand Prixa. Ostiralean, hilak 27, du lehiaketa eguna -73kg kategorian.
Eta curlingean, ostiralaz geroztik jokoan dira Danimarkako Esbjerg-en Europako Txapelketak. B mailan, eta Espainia ordezkatuz, Basque Teameko Sergio vez basauritarra ari da bertan, gaurdaino garaipen bat (Ingalaterraren aurka) eta hiru porrot (Eslovakia, Austria eta Kroazia) bilduta. Bihartik etzidamura geratzen zaizkion partiduak irabazi beharra dauzka mailaz igotzeko aukerari eusteko: ESP-EST (24, 16:00), ESP-LAT (25, 08:00) eta ESP-ISR (26, 08:00).