Oihane Otaegik eta Mikel Unanuek zilarrezko domina irabazi dute World Curling Tourreko Hvidovreko Bikote Mistoen Kopan
Basque Teameko bekadunak diren Oihane Otaegi eta Mikel Unanue curling jokalariek distira egin dute asteburu honetan Danimarkako Hvidovre herrian, podiumeko bigarren tokira igo eta Munduko ligari dagokion Bikote Mistoen Kopan zilarrezko domina lortzeko. Hitzordu honetan trebe aritzen dira donostiarrak, 2020ko lehiaketa honetan brontzea irabazi baitzuten.
A multzoaren barruan Otaegik eta Unanuek Danimarkako lehen bikotea garaitu zuten ostiralean 11-2ko emaitza sendoarekin. Bigarren bikote danimarkarraren norgehiagoka hutsean bukatu zen gero.
Atzo 11-7 irabazi zioten Suediako bkoteari eta berriz ere 13-3 gainditu zituzten final-laurdenetan. Gaur finalaurrekoetan 5-8 irabazi diote Herbehereetako taldeari finalerako txartela irabaziz. Bertan ezin izan dituzte von Büren eta Klaiber suitzarrak mendean hartu eta azkenean 6-2 galdu dute.
Gaur lortutako zilarrezko dominak haizea ekarriko die Basque Teameko kirolariei. 2022ko Beijingeko Jokoetan lehiatzeko borrokatu zuten, bai 2021eko Munduko Txapelketan, bai Prezolinpikoan, baina ez zuten Txinan egoteko txartela lortu. Hala ere, badakite euren mailarik onena oraindik ez dela iritsi eta horregatik jarraitzen dute borrokan hurrengo ziklo olinpikoan loria lortzeko.