Naroa Agirre pertika jauzilaria protagonista izango da bihar ETBko 'BAT To Rio' saioan
BASQUE TEAMeko atletak Rioko Jokoetan lehiatzeko egin duen lanari buruz hitz egingo du.
Bizkarreko minek Amsterdamen jokatutako Europako Txapelketatik at utzi zuten eta orain urrun dagoen gonbidapen baten zain dago Agirre.
Basque Teameko Naroa Agirre jauzilaria protagonista izango da Rioko Olinpiar Jokoetan lehiatzeko borrokan ari diren kirolariak aurkezten dituen “Bat To Rio” programan. ETB2n 13:45etan eta ETB1en 21:00etan eskainiko den saioaren atal honetan Agirrek Jokoetan egoteko egin duen lanari buruz, bere beldurrei buruz eta Europako Txapelketan parte hartzeko aukera kendu dion lesioari buruz hitz egingo du.
Naroa Agirre (Donostia, 1979/05/15), Espainiako errekorduna da 4,56ko markarekin. Ikastetxean, 10 urterekin, hasi zen atletismoan. Hasieratik nabarmendu zen kirol honetan, batez ere luzerako proban, eta oso goiz hasi zen lanean egun Espainiako Federazioaren zuzendari teknikoa den Ramon Cidekin.
Beranduago, Bartzelonan bere unibertsitate-ikasketak eta Sant Cugateko Errendimendu Altuko Zentroan entrenamenduak egiten hasi zenean, pertika jauzian marka ikaragarriak lortu zituen donostiarrak, 4 metrotik gora salto eginda. Orduantxe sartu zen Espainiako lau onenen artean, eta atleta askorentzako erreferente bihurtu zen.
Urte hauetan Agirrek hainbat aldiz gainditu du Espainiako onenen artean sartu zuen marka hura. 2003. urtean hautsi zuen modalitate honetako estatuko aurreko errekorra, listoia 4,45 metroetan gaindituz. Bere markarik onena, dena den, lau urte geroago eskuratu zuen (2007an), 4,56ko salto batekin.
Jauzilariaren baja unerik okerrenean heldu da. Lesioez betetako denboraldi batean, donostiarrak sasoiko zegoela erakutsi du azken boladan, minima kontinentala bi aldiz eginda (4,40) eta minima olinpikotik oso gertu ibilita (4,50). Orain bizkarreko mina berriz edukitzea, oso kolpe latza izan da berarentzat, ezin izan duelako bere seigarren Europako Txapelketa jokatu. Horrek plaza olinpikotik erabat aldendu du Naroa.
Minima olinpikoak lortzeko epea bukatu da. Naroa marka erdiesteko borrokatu da baina ez du lortu. Orain nahiko urrun dagoen federazioaren gonbidapen posible bat da geratzen zaion aukera bakarra.