Nadia Erostarbe Basque Teameko surflaria etxera itzuli da, lau hilabetez nazioartean lehiatzen ibili ondoren
25-ekaina-2026

Nadia Erostarbe Basque Teameko surflaria etxera itzuli da, lau hilabetez nazioartean lehiatzen ibili ondoren

Nadia Erostarbe

Zarauztarra Championship Tourreko, Munduko zirkuiturik zorrotzeneko, sailkapen nagusiko Top 10ean dago, lehen sei probak jokatu eta gero

Nadia Erostarbe etxera itzuli da, Euskaditik kanpo lau hilabete baino gehiago eman ondoren ondoen dakiena egiten: surfaren munduan nazioarteko maila gorenean lehiatzen. Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak eta Olatz Legarza Basque Team Fundazioko koordinatzaileak harrera egin diote Donostian. Gipuzkoako hiriburuko Aquariumeko terrazan ere komunikabide ugari izan ditu zain; guztiak, erakundeetako ordezkariak eta kazetariak, zarauztarraren bizipenak ezagutzeko irrikaz zeuden, kirolariak egun asko eman baititu munduko elitean surfean.

Nadia Erostarbek bereziki emankorra izan zen 2025 bat itxi zuen. Ikaskuntzak, une gogorrak eta oso onak utzi zizkion, hala nola CTaren atariko zirkuituan lortutako garaipenak eta podiumak, Challenger Serieetakoak, alegia. Azken denboraldietan egindako lan eskergari esker, ISA Munduko Txapelketa bateko finaletara iritsi zen, Joko batzuetarako sailkatu zen estatu mailako lehen surflaria izan zen, Tahitin diploma olinpikoa lortu zuen eta CTko bere debutean ordezko gisa sartzeko egon behar zuen tokian egon zen. Hor ikaskuntza izugarria jaso zuen, eta une batzuetan zaila izan arren, bere merituengatik itzuliko zela jakiteko adina jakinduria sartu zen Nadiaren motxilan. Emaitzak iritsi ziren eta Erostarbe ate handitik itzuli zen CTra.

Nadia ohore guztiekin bueltatu da surfeko elitera, eta proba bakoitzean barruan daraman kalitate guztia erakusten jarraitzen du. Aurtengo zirkuituko sei proba burutu dira eta Nadia Erostarbe bi aldiz igo da podiumera; azkena Rio de Janeiron jokatu den Saquarema Pro txapelketan. Probako finalerdietan sartu izanak lau postu igoarazi dizkio CTko sailkapen nagusian eta Top 10ean sartu da horrela.

Nadiak lehen kanporaketan hasi zuen bere ibilbidea ur kariokoetan Yolanda Hopkins portugaldarrari aurre eginez. Gipuzkoarrak nahiko goiz utzi zuen kanporaketa bideratuta, txandaren hasieran aukeratutako bi olatuei esker. Erostarbek 10.83ko puntuazioa lortu zuen, Portugaleko surflariak eskuratutako 9.10arekin alderatuta.

Bigarren txandan, surflariek lortutako notak zertxobait txikiagoak izan ziren. Nadiak indarrak neurtu zituen Molly Picklum australiarrarekin. Azken horrek lehen kolpea eman zuen 5.67ko olatuarekin, baina Nadiak 4.00eko batekin erantzun zion, eta 4.40ko beste batekin gero, final-laurdenetarako txartela ziurtatuz horrela.

Fase horretan Caitlin Simmers estatubatuarra zuen zain, 2022tik CTn lehiatzen ari den surflari gazte baina talentuduna. Zarauztarra bikain aritu zen serie horretan eta bere olatuetako bati 8.33ko puntuazioa eman zioten. Ondoren, 7.50eko balioa zuen beste bat aukeratu zuen. Simmers bere notarik onenak (6.83 eta 5.40) hobetzen saiatu zen arren, ez zuen lortu. Nadia finalerdietan sartu zen horri esker.

Finalaurrekoetan Nadia Tya Zebrowski frantziarrarekin borrokatu behar izan zen, 14 urterekin historian CTrako sailkatu den surflari gazteena eta momentuko sentsazioetako bat. Nadiak markagailua ireki zuen 4.00ko olatu batekin. Zebrowskik 8.17 olatuarekin erantzun zion, eta 6.67ko olatua hartu zuen jarraian. Zarauztarraren bigarren olaturik onenak 4.67ko puntuazioa eskuratu zuen. Frantziarrak beste bi olatu gehiago zamalkatu zituen, baina onenak aurrekoak izan ziren. Txandako 40 minutuek ez zuten gehiagorako eman. Tyak seriea 14.84ko guztizko puntuazioarekin amaitu zuen, eta Erostarbek, berriz, 8.67ko emaitza sinatu zuen. Hortxe amaitu zen Basque Teameko kirolariaren bidea Rio de Janeiroko proban, oso zapore ona utzita.

2025ean Nadiak CTn lortutako bi emaitzarik onenak Lexus Pipe Pro eta Rip Curl Pro Bells Beach txapelketetan eskuratutako bederatzigarren postuak izan ziren. Aurten bi aldiz bukatu du 17. postuan, beste bi aldiz bederatzigarrenean eta beste bitan hirugarren postuak bereganatu ditu. Podiumera igo da Australiako Bonsoy Gold Coast Pron, finalerdietan Stephanie Gilmoreren kontra galduta, eta Brasilgo VIVO Rio Pron.

Gogoratu behar da Nadia Erostarbe dela estatuan CTrako sailkatu den lehen emakumea eta  aurten lortutako emaitzekin Aritz Aranburuk zirkuitu horretan erdietsitako emaitzarik onenak berdindu dituela. 

Brasilgo probaren ondoren Championship Tourrak geldialdi txiki bat egingo du eta abuztuaren 8an itzuliko da Outerknown Tahiti Pro txapelketarekin, Polinesia Frantziarrean.  Ondoren beste bost ekitaldi jokatuko dira: Fiji Pro, Lexus Trestles Pro Kalifornian, Surf Abu Dhabi, MEO Rip Curl Pro Portugal eta Lexus Pipe Masters Hawaiin.

Honekin lotutako berriak

22-ekaina-2026

Nadia Erostarbe Basque Teameko surflaria podiumeko hirugarren tokira igo da Championship Tourreko Saquarema Pro proban

Informazio gehiago
04-maiatza-2026

Nadia Erostarbe Basque Teameko surflariak historia egiten jarraitzen du, Snapper Rocksen hirugarren amaituta eta Munduko top 10ean sartuta

Informazio gehiago
31-martxo-2026

“Zenbat eta euskaldun gehiago hor goian, gero eta hobeto”

Informazio gehiago
31-martxo-2026

“Helburu asko geratzen dira oraindik, hala nola Jokoak eta CT zirkuitua; pausoz pauso, sentitzen dut gero eta gertuago gaudela”

Informazio gehiago
29-martxo-2026

Janire Gonzalez-Etxabarri eta Adur Amatriain surflariak, Europako txapeldun 

Informazio gehiago
14-martxo-2026

Nadia Erostarbe Basque Teameko kirolariak historia egin du berriro, Championship Tourrerako, munduko surfaren maila gorenerako, sailkatu baita

Informazio gehiago