Miren Lazkano Basque Teameko palistak zilarrezko domina irabazi du Seu d'Urgelleko Munduko Kopan
07-ekaina-2025

Miren Lazkano Basque Teameko palistak zilarrezko domina irabazi du Seu d'Urgelleko Munduko Kopan

Miren Lazkano

Miren Lazkano podiumeko bigarren tokira igo da kanoako modalitatean denboraldiko lehen Munduko Kopan, La Seu d’Urgellen jokatutako proban, eta, horrela, 2016ko ekainean leku berean lortutako emaitza errepikatu du.

Donostiarra bigarren izan da sailkatze txandan, Zuzana Pankova eslovakiarrak bakarrik gaindituta. Jaitsiera horretan Mirenek ez du akatsik egin eta 100.08ko denborarekin (+1.51) bigarren postuan bukatu du, Martina Satkova txekiarraren aurretik.

Sailkatze-saioan parte hartu duten 45 piraguistetatik 12 baino ez dira finalera pasa. Jaitsiera erabakigarri horretan Miren Lazkanok hegan egin du. Lehenengo atean ukitu bat egin du, eta horrek lehen zigorra ekarri dio, baina horrek ez du bere jaitsiera oztopatu. Mirenek kontrola eta konfiantzari eutsi die eta aurrera jarraitu du. Beste ukitu bat izan du 12. atean, eta horregatik ere zigortu dute, baina, hala ere, ia gaindiezina zen 102.52ko denbora egin du ibilbidea amaitzean. Jessica Fox australiarra baino ez da izan gipuzkoarra baino hobea, 98.42ko denbora eta laugarren atean ukitu bat eginda. Martina Satkova txekiarrak osatu du podiuma (102.80, +4.38).

Mirenek oso hunkituta bukatu du jaitsiera, negar malkoak begietan zituela, eta domina orain dela gutxi zendutako bere amari eskaini nahi izan dio. 

Ur bizietako piraguismo denboraldia hasi besterik ez da egin. Miren Lazkanok ezin izan zuen maiatzean Parisen jokatu zen Europako txapelketan lehiatu arrazoi pertsonalengatik, baina denboraldiko bere lehen nazioarteko txapelketan domina bereganatzea lortu du. Bere palmaresari gehitu beharreko beste emaitza bat da. Gogoratu behar da, beste lorpen aipagarri batzuen artean, Miren Europako kanoa txapelduna izan zela 2021ean eta aurreko Parisko Jokoetan lehiatu zela, Vaires-sur-Marne kanalean jokatutako C1eko finalean hamargarrena izan zelarik.

Bestalde, gaurko lehiaketan Klara Olazabalek 23. postuan bukatu du eta ezin izan du finalerako txartela eskuratu, Oier Diazek bezala, 62. postuan amaitu baitu, bi ate saltatuta.

Atzo jokatutako kayak modalitatean, Maialen Chourrautek eta Pau Echanizek finalerako pasea lortu zuten eta biek zazpigarren postuan bukatu zuten. Leire Goñik 23. postua sinatu zuen sailkatze-jaitsieran eta ezin izan zuen finalera iritsi.

Bihar kayak kros txapelketa jokatuko da, aurreko 2024ko Pariseko Jokoetan lehen aldiz programa olinpikoan sartu zuten modalitatean.

Honekin lotutako berriak

26-uztaila-2026

Miren Lazkanok brontzezko domina irabazi du Oklahoma hiriko Munduko Txapelketako kayak kroseko proban

Informazio gehiago
25-uztaila-2026

Miren Lazkano Basque Teameko piraguistak hamaikagarren amaitu du Oklahomako Munduko Txapelketako kanoako finalean

Informazio gehiago
25-uztaila-2026

Miren Lazkano finalera pasatu da Oklahomako ur bizietako Munduko Txapelketan, eta Klara Olazabal dominen lehiatik kanpo geratu da

Informazio gehiago
24-uztaila-2026

Maialen Chourrautek zazpigarren amaitu du Oklahomako Munduko Txapelketan eta Pau Echanizek hamargarren

Informazio gehiago
23-uztaila-2026

Basque Teameko Maialen Chourraut eta Pau Echaniz piraguistak Oklahomako Munduko Txapelketako kayakeko finalera pasa dira

Informazio gehiago
23-uztaila-2026

Miren Lazkano eta Klara Olazabal Basque Teameko piraguistak kanoako finalerdietara pasatu dira Oklahomako Munduko Txapelketan

Informazio gehiago