Maider Unda: "Urrearen bila noa Londresen, ezin gara gutxiagorekin konformatu"
Borrokalari arabarra oso baikor azaldu da gaur Gaseizen hedabideen aurrean
Gasteizen, 2012ko uztailak 3.- Maider Unda borrokalari arabarrak prentsaurrekoa eskaini du gaur 11:30etan, Eusko Jaurlaritzaren ekoitzan, Londresen hastekotan diren Olinpiar Jokoetan izango dituen aukerak aztertzeko asmoz. Basque Team-en babespean, Maider izango da estatuko ordezkari bakarra, abuztuaren 9an Excell Venue pabilioian jokatuko den borroka libreko norgehiagokan.
Sailkapen neketsuaren ostean (belauneko lotailu gurutzatua hautsi zuen aurretik), kirolaria oso baikor azaldu da gaur. “Urrearen bila noa, ezin gara gutxiagorekin konformatu. Aro hau oso zaila izan da baina honaino iristea, estatuko bakarra izatea Londresen, gauzak ondo egiten ditugula erakusten digu eta espero dut Londresen esfortzu guzti hau ikustea emaitzak lagunduta”, gaineratu du.
Maider Unda (Gasteiz, 1977/07/02) 72 kilotik beherako kategorian lehiatuko da Olinpiar Jokoetan parte hartuko duen bigarren aldi honetan. 2008an, meritu handiko 5. postua lortu zuen Beijing-en, diploma olinpiko eta guzti, eta dominaren bat eskuratzeko zorian izan zen (modalitate honetan, hirugarrenari eta laugarrenarik brontzezko domina ematen zaie). Oraingoan, estu-estu ibili da Olinpiar Jokoetarako sailkapenean aurrera egiteko: borrokalari arabarrak olinpiada aurreko hiru hitzorduri aurre egin behar izan zien hiru asteko epean (Bulgarian, Txinan eta Finlandian), baina azkeneko txanpan helburua lortu zuen.
Bilakaera izan da azken ziklo olinpikoan egin duen ibilbidearen alderik aipagarriena. Olinpiar Jokoak bukatu eta urtebete geroago, nazioarteko lehiaketetan izan duen orain arteko emaitzarik onena lortu zuen: brontzezko domina 2009an Hernnig-en (Danimarka) jokatutako Munduko Txapelketan. 2010ean ere, brontzezko domina eskuratu zuen Bakun (Azerbaijan) antolatu zen Europako Txapelketan, bosgarren postua lortuz Errusiako Munduko Txapelketan. Aitzitik, 2011, urtarrilean jasandako “triada” delako (belauneko lotailu gurutzatuaren haustura) lesio larriak jota igaro zuen. Hilabete gogorrak igaro behar izan zituen erabat sendatu eta suspertu arte, betiere Istanbuleko Munduko Txapelketa jokatu eta pasaporte olinpikoa lortzeko asmoz. Susperraldi miragarri haren buruan, garaiz iritsi ahal izan zen Munduko Txapelketa horretan parte hartzeko, baina lehendabiziko saioetan kanporatu zuten. 2012ko martxoan, Belgradon jokatutako Europako Txapelketan brontzezko domina lortu eta berriz ere sas oi betean zegoela frogatu ahal izan zuen. “Egia esan horrelako lesio bat gainditzeak indar asko ematen dizu. Hori da atera dugun gauza positibioa; eman didan seguridadea. Gainera, sailkapen fasean zehar presio guztia gainditu ahal izatea, eta azkenengoan gora etortzeak, oso irakurketa positiboa eman digu”, adierazi du.
Londresen, 18 emakumezko borrokalari lehiatuko dira Excell Venue-n, abuztuaren 9an. Maiderrek nazioarteko norgehiagoketan gainditu behar izan dituen ohiko arerioei aurre egin beharko die oraingoan, Bulgaria, Errusia, Austria, Bielorrusia eta Estatu Batuetako ordezkariak tarteko direla. “Helburua jokoan dagoen onena lortzea da; ezin zara oharkabetu ezta gauza txikietan ere, zure bizitzako azken segundua dela pentsau beharra dago eta guztia eman segunduz segundu. Gainera, bertan babesa ematen egongo den jendeak jokoan dudan guztia baloratzen laguntzen dit” azaldu du Undak.
Borrokalari arabarra azken ukituak ematen ari zaizkio bere prestakuntzari, eta ingurunean maila bereko borrokalaririk aurkitu ezinik, bi astetan, Gasteizen trebatu da Ohenewa Akuffo kanadarrarekin batera. Munduko elitean diharduen emakumezko kirolari hau, azken urteotan Maiderren lana babestu duen Basque Team fundazioaren laguntzaz kontratatu da. Heldu den asteburuan, Londreseko norgehiagoka hasi eta hilabete lehenago, Madrilera joango da, Borroka Olinpikoen Espainiako Sari Nagusian parte hartzeko asmoz. “Jokoen simulazio antzeko bat izango da, bertan Londresen izango ditudan aurkari asko egongo baitira. Hortik aurrera dator urduritasuna” esa du Maiderrek txantxetan.