08-ekaina-2017

"Madison probak motibatzen nau, nahiz eta teknikoki oso zorrotza izan"

Basque Teameko Leire Olaberria txirrindularia, Eukene Larrarterekin batera, hirugarren, laugarren eta bosgarren postuak lortuta itzuli da Alemaniako hiru jardunaldiko testetik

Ikaztegietakoa oso pozik dago, probak aukerak baititu Tokioko Olinpiar Jokoetako egitarauan egoteko

Leire Olaberria lehiaketetara itzuli da, ama izateko bizikleta utzi zuenetik urte bete eskas pasa eta gero. Umea euki eta hilebetera, gipuzkoarra gimnasiora bueltatu zen indar-ariketekin hasteko. “Apurka-apurka hasi ginen lanean, kargak handituz, gorputzak esaten zuena entzunez, eta egia esan, susperraldia itzela izan da” azpimarratzen du Olaberriak.

Ikasketei berriro ekiteko haurdunaldia aprobetxatu zuen Leirek. Turismon eta Lehen-Hezkuntzan diplomatua zen gipuzkoarra. Orain master bat bukatuko du laster eta gainera ‘Dietetika eta elikadura’ gradua ikasten ari da. Egunerokoan ikasketa horiek, umearen zaintzarekin eta entrenamenduekin uztartzen ditu.

40 urterekin erronka berria du Leirek. Beijingo brontzezko dominaren ondoren, Rioko Olinpiar Jokoak oso garrantzitsuak ziren berarentzat, baina saiatu zen arren, ez zuen Brasilen lehiatzeko txartela lortu. Oraindik oso goiz da eta zaila da Tokioko Jokoetan pentsatzen hastea. Dena den, oso motibatuta dago madison probarekin. “Ematen du Olinpiar Jokoetako programan egoteko aukerak badituela, eta horrek asko motibatzen nau, teknikoki oso proba zorrotza den arren”.

Udazken honetarako planteatzen ditu helburuak. Europako txapelketan lekutxo bat lortu nahiko luke, gero Munduko Kopekin hasteko. “Lana pilatzen eta maila fisikoa igotzen ari naiz. Gauzak nola doazen ikusten dudanean hartuko ditut erabakiak; udazkenean ahalik eta hobetoan egotea da lehenengo helburua”, dio Basque Teameko txirrindulariak.

Honekin lotutako berriak

08-urria-2026

Basque Teameko Naia Laso skaterrak finalerdietarako txartela lortu du Asunciongo Munduko Txapelketan

Informazio gehiago
22-uztaila-2026

Kayakeko patruilen proban emakumeak zazpigarren izan dira eta gizonak hamahirugarren Oklahomako Munduko Txapelketan

Informazio gehiago
14-uztaila-2026

Basque Teamek 81 kirolari bekatuko ditu 2026an

Informazio gehiago
16-ekaina-2026

Larru berria, amets bera: Basque Teamek ekipamendu berria aurkeztu du LA28ko ziklorako

Informazio gehiago
18-maiatza-2026

ZORU PELBIKOA: Aktibazioa eta erlaxazioa

Informazio gehiago
12-maiatza-2026

ZIKLO MENSTRUALA: Beharrezkoa osasunerako eta errendimendurako

Informazio gehiago