Lucas Eguibarrek diploma olinpikoa irabazi du Beijingeko Jokoetan
10-otsaila-2022

Lucas Eguibarrek diploma olinpikoa irabazi du Beijingeko Jokoetan

Basque Teameko snowboarderrak Sotxi 2014an lortu zuen zazpigarren postua errepikatu du

Lucas Eguibar zen Beijingeko Jokoetan podiumera igotzeko faboritoa, Sotxin (2014) diploma irabazi eta Pyeongchangen (2018) final zortzirenak gainditzeko aukera barik geratu ondoren. Gaur, ordea, egun zaila izan du, eta ezin izan du hainbeste desiratutako olinpiar domina hori irabazi.

Sailkatze txandan oso irteera ona egin du Lucasek, baina bigarren partzialetik igarotzean denbora erreferentziazko kronotik +0.98ra arte joan zaiola ikusi du. Bosgarren bihurgune beldurgarriari oso ondo aurre egin dion arren, ez du sailkapen txandan marka ona egin, 1:18.73 (+2.44), eta 17. amaitu du. Lehenengo 16ak zuzenean pasatzen ziren lasterketara. Lucasek sailkapenaren bigarren txanda egin behar izan du beraz; Haemmerle, Grondin eta Noerl bezalako faborito nagusiak, berriz, erosoago pasa dira lasterketara.

Bigarren sailkapen-txandako irteera ez da ona izan, eta 1.19.93an geratu du erlojupekoa. Lucas 21. izan da sailkapenean, eta, ondorioz, oso koadro zailetan parekatuta geratu da, lasterketarako gainerako faborito nagusiekin batera.

Final-zortzirenetan hirukote itzela zuen zain: Martin Noerl eta Paul Berg alemaniarrak eta Jarryd Hughes australiarra. Noerl Munduko Kopako liderra da hiru garaipenekin orain arte egin dituen bost probetan, eta Hughesek zilarrezko domina irabazi zuen Pyeongchangen. Lucasek erreakzio-denborarik onena izan du eta eutsi egin dio, txandako goofy bakarra izan arren. Gentingeko Snow Parkeko zirkuituan bada aldea ezker oina aurrean dutela doazen “riders”-en (‘regulars’ izenez ezagutzen direnak, trazadurak mesede egiten dienak) eta Eguibar bezala goofyak direnen artean. Pistak ematen dizkion ontasun gutxiak gorabehera, Lucasek jaitsiera oso argia egin du eta bikain kokatu da. Azkenean, azken txanpan sartu du taula, bigarren izateko eta aurrera jarraitzeko Noerl alemaniarrarekin batera.

Final-zortzirenetako borroka zaila izan bada, final-laurdenetakoa ere oso zorrotza izan da. Alessandro Haemmerle austriarra, Munduko Kopako sailkapen nagusiko bigarrena eta egungo Munduko txapeldunordea, eta Mick Dierdorff estatubatuarra izan ditu aurrez aurre. Lucasek, Mati Szull bere fisioterapeuta eta konfiantzazko gizonarekin eta Marco Mihic bere skimanarekin batera, bere burua mentalizatu behar izan du zetorkionerako. Final-laurdenetan zortea lagun izan du Eguibarrek. Donostiarrak huts egin du irteeran eta oso atzean geratu da, baina zoriak nahi izan du Noerl eta Dierdorffek erorikoa izatea eta Lucasek hori aprobetxatu du bidean lasaitasunez aurrera egiteko eta trankil helmugara iristeko.

Hala ere, gainditu beharreko hurrengo urratsak, finalerdiek, beste erronka handi bat ekarri diote. Eguibarrek aurkari handiak izan ditu berriz ere: Haemmerle austriarra eta Merlin Surget eta Eliot Grondin gazteak. Azken honek denborarik onena egin du gaurko sailkapenean eta Lucasek 2021ean irabazitako Munduko Txapelketan brontzea lortu zuen. Basque Teamekoak ere ez du irteera ona egin oraingoan eta oso atzean geratu da txandaren hasieratik. Snowboardlari gipuzkoarrak ezin izan du galdutako denbora berreskuratu eta aurkariak urruntzen ikusi ditu. Trazaduraren azken zatian zutik jarri da, borrokatzeari uzteko, bere aukerak agortuta ikusi dituenean.

Kontsolazio final edo “small finalean” metal olinpikoa lortu ez izanaren arantzatxoa nolabait ateratzeko aukera geratzen zitzaion Lucasi, baina horretan ere ez du zortea lagun izan donostiarrak. Tommaso Leoni italiarra erori egin da, Lucas ukitu eta lurrera bota du. Eguibarrek hirugarren postuan amaitu du txanda. Zazpigarren izan da Beijingeko borroka olinpikoan, 2014ko Sotxiko Jokoetan gertatu bezala.

Finisheko argazkiarekin erabaki den final handian, Alessandro Haemmerle austriarrak irabazi du urrea, Eliot Grondin kanadarrak zilarra eta Omar Visintin italiarrak brontzea.

Honekin lotutako berriak

21-urria-2024

Oihane eta Leire Otaegik, Mikel Unanuek eta Sergio Vezek laugarren bukatu dute talde mistoen Munduko curling txapelketan

Informazio gehiago
15-urria-2024

Lehendakariak kirolari olinpikoak eta paralinpikoak zoriondu ditu Pariseko parte-hartze eta emaitza onengatik

Informazio gehiago
13-iraila-2024

Pariseko Joko Olinpikoak eta Paralinpikoak azken hamarkadetako emankorrenak izan dira Euskal Autonomia Erkidegoarentzat, parte-hartzeari eta emaitzei dagokienez

Informazio gehiago
12-iraila-2024

Iñigo Llopis eta Ander Cepas Basque Teameko kirolariek Pariseko Joko Paralinpikoetan lortutako dominak aurkeztu dituzte etxean

Informazio gehiago
05-iraila-2024

Basque Teameko Nahia Zudaire igerilariak bere bigarren diploma irabazi du, oraingo honetan bular estiloko 100 metroko S7 proban

Informazio gehiago
05-iraila-2024

Ander Cepas Basque Teameko mahai-teniseko jokalariak brontzezko domina ziurtatu du Pariseko Jokoetan

Informazio gehiago