Euskak kirolari olinpikoek azken adierazpenak egingo dituzte amaierako BAT to London 2012 saioan
24-uztaila-2012

Euskak kirolari olinpikoek azken adierazpenak egingo dituzte amaierako BAT to London 2012 saioan

Kirolarien egutegia, momentu historikoak eta egoitzen xehetasunak bilduko ditu azken saioak

Olinpiar Jokoetan parte hartu nahian dabiltzan euskal kirolariei jarraipena egiteko ETB-SATek duela urte bete geroztik emititzen duen “BAT to London” saioak oso eduki berezia izangu du azken emanaldian, izan ere, Londresen Euskadi ordezkatu behar duten kirolari gehienek beren sentsazioak adieraziko baitituzte, Jokoei hasiera emango dien inaugurazio-desfilea hasi baino 48 ordu eskas lehenago. Saioa, euskal kirolari olinpikoak babesten dituen Basque Team Fundazioaren ekimena da, eta asteazkenean izango da ikusgai, uztailak 25, 22:30etatik aurrera, ETBK-SAT kanalean.

Londresko Jokoetako euskal ordezkaritzak esklusibaz azalduko ditu munduko kirol egutegiko lehiaketarik garrantzitsuenaren aurreko egun urdurietako bizipenak. Horretarako, Olinpiadetan estreinako aldiz jardungo dutenen testigantzak bilduko dira (hauen artekoak ditugu Oiana Blanco judoka, Samuel Hernanz piraguista, Julen Aginagalde eskubaloi jokalaria edota Zuriñe Rodriguez triatleta), baita beterano ezagunen testigantzak ere (hiru aldiz parte hartu duen Mikel Odriozola, kasu). Azken hauen artean, batzuek ederki asko ikasi dute zer den Jokoetan garaipena lortzea (Iker eta Xabi, belan lortutako domina parearekin, edo Leire Olaberria txirrindularitzan).

Olinpiar norgehiagokaren aurreko egun hauetan euskal kirolariek dituzten sentipenak bertatik bertara ezagutzeko aukera honekin batera, saioak Olinpiar Jokoen aurreko edizioetan izandako garaipenak errepasatuko ditu. Horrela, Amberesen 1920an euskal jokalariez betetako espainiar futbol taldeak lortu zuen zilarrezko domina gogoratzeko parada izango da. “BAT to London” saioak gugandik hurbilago dauden beste garaipen batzuk ere gogoratuko ditu, hala nola, 1984an Los Angelesen Luis Mari Lasurtegi arraunlariak eta Juanma Lopez Iturriaga saskibaloi jokalariak lortutako dominak edota 2008an Beijingen eskuratutako azken metalak.

Historiaren inguruko atal honetan, azpimarratzeko modukoa izango da, euskal olinpismoari buruzko tesia landu duen Xabier Leibar adituak eskainiko duen azterketa sakona. Leibar Fadurako Hobekuntza Teknikorako Zentroko medikua da, eta Jokoen aurreko edizioetan izandako partehartzearen aldean aztertuko du Londreseko egungo euskal ordezkaritza, euskal kirolari olinpikoen ibilbidean bildutako pasadizoak ere gogora ekarriz.

“BAT to London” saioaren azken emanaldi honek, halaber, gure kirolariei Jokoetan lehiatzeko egokitu zaien egutegia eta kokaleku desberdinei buruzko informazio osoa eskainiko du. Horren haritik, zehatz-mehatz aurkeztuko dira norgehiagoka gehienak jokatuko diren egoitzak. Saioa gidatzeaz arduratzen den Iñigo Asensio kazetariak, bestalde, bertatik bertara ezagutu ahal izan du, Londresen, Jokoak hasi aurreko egunotan nagusitu den giroa, kirolaren lau urteroko hitzordu handi honen kariaz hartu diren aparteko segurtasun-neurriak tarteko direla.

Honekin lotutako berriak

05-iraila-2024

Basque Teameko Nahia Zudaire igerilariak bere bigarren diploma irabazi du, oraingo honetan bular estiloko 100 metroko S7 proban

Informazio gehiago
05-iraila-2024

Ander Cepas Basque Teameko mahai-teniseko jokalariak brontzezko domina ziurtatu du Pariseko Jokoetan

Informazio gehiago
03-iraila-2024

Asier Garciaren selekzioa gurpildun aulkiko saskibaloiko dominen lehiatik kanpo geratu da, Parisko Jokoetan

Informazio gehiago
02-iraila-2024

Iñigo Llopisek bere bigarren domina irabazi du Parisko Joko Paralinpikoetan

Informazio gehiago
02-iraila-2024

Rakel Mateo Basque Teameko kirolariak hamargarren amaitu du Pariseko Jokoetako paratriatloia

Informazio gehiago
01-iraila-2024

Heïdi Gaugain txirrindulariak zilarra bereganatu du 3.000 metroko jazarpen proban

Informazio gehiago