Lide Erbinak urteko jokalari hasiberri oneraren saria irabazi du
Basque Teameko bikaintasun proiektuko kidea den Lide Erbinari “Rookie of the Year” saria eman diote Emakumezkoen Zazpiko Errugbiko Munduko Serieetan. Ordiziakoa debuta egin duen jokalari onena izan dela erabaki dute, denboraldi bikainean entsegu paregabeak egin dituela kontuan hartuta.
Sari honez gain asteburu honetan Lidek beste albiste on bat izan du: selekzioak mailari eutsi diola. Selekzio horretan parte hartu dute Liderekin batera denboraldi honetan Barbara Plak, Amaia Erbinak, Anne Fernandez de Corresek eta Uribarri Barrutietak. Salbazioa Biarritzen laugarren postua eskuratu eta gero lortu dute, Australia bezalako potentziak mendean hartuta.
2000. urtean jaiotako gipuzkoar honen curriculumean nabarmentzekoak dira Vichyn (Frantzia) 2017an 18 urtez azpiko Europako txapelketan erdietsitako bederatzigarren postua eta maila absolutuan errugbi XV modalitatean iaz Bruselan jokatutako Europako txapelketan irabazitako titulua.
2018an Grand Prix Series txapelketan lehiatu zen, baina 2019an Munduko Serieetako zirkuituak izan dituen sei probetatik bostetan parte hartu du. Tokyo 2020ko Jokoetarako sailkapena lortzea da bere helburu nagusia.