Leire Olaberria Europako omnium Txapelduna Pruszkow-n (Polonia)
Jokoetarako baliagarria den modalitate berria irabaziz gertuago dauka Londres 2012ko hitzordua
Nazioarte mailan arrakastaz arrakasta ari da Leire Olaberria. Beijing 2008ko Olinpiar Jokoetan puntuazioko proban brontzezko domina lortu zuenetik Ikaztegietako txirrindulariak ez du hutsik egin. Txapelketa aurretik egindako probek argi erakusten zuten Leire gai zela onenekin lehiatzeko omnium-ean, baina lortutako garaipenak aurreikusitako guztia gainditu du.
Larunbateko saioan hartu zuen sailkapeneko lideratza, omnium-a osatzen duten proben artean lehendabizko hirurak jokatu ostean: itzulia abiaduran, puntuazioa eta eliminazio edo kanporaketa. Gaur era ezinhobean ekin dio bigarrens egunari, jazarpenean bigarren amaitu duen arren estatuko marka berria ezarri du, berak zuen aurreko denbora hiru segundu baino gehiago onduz. Scratch-a eta 500 metroak baino ez ziren geratzen eta hauetan, lehia estua izan den arren, Leirek lehen postuari eutsi dio urrea irabaziz. Tatsiana Sharakova bielorrusiarra izan da bigarren sailkatua eta Malgorzata Wojtyra poloniarrak eraman du brontzezko domina.
Garaipen honi esker, BAT Basque Team-en babespean ari den txirrindulariak bere palmaresean estreinekoz lortu du garaipena “ominum berrian” eta era berean gertuago ikusten du Londres 2012ko Olinpiar jokoetan egoteko aukera.