Laugarren postua Jon Santacanarentzat Pyeongchangeko Paralinpiar Jokoetako jaitsieran
Jon Santacanak eta Miguel Galindok debuta egin dute Paralinpiar Jokoetan jaitsieran laugarren postua lortuta. Aurreko bi hitzorduetan (Vancouver 2010 eta Sotxi 2014) txapeldun izan ziren eta oraingo honetan dominatik oso gertu geratu dira, 1:27.40ko denbora eginda, Giacomo Bertagnollik eta Frabrizio Casalek eskuratutako brontzetik 94 ehunenekoetara. Urrea Mac Marcoux eta Jack Leitch bikote kanadiarrak irabazi du (1:23.93) eta zilarra Jakub Krako eta Branislav Brozman eslovakiarrek (1:25.35)
Aurreikusita zegoen Jonek eta Miguelek hiru entrenamendu egitea txapelketaren aurretik baina eguraldiaren baldintza txarrengatik bakarra egin ahal izan dute. Hori gakoetako bat izan dela diote.
“Ni lasai nago egin ahal genuena egin dugulako. Gutxienez entrenamendu bat falta izan zaigula usted ut. Lehenengoa norabideak aztertzeko erabiltzen dugu eta gaurko abiadura handiagoa zen. Abiadura horrek ezustean harrapatu gaitu eta akats txikiak egin ditugu. Errealistak izanda, hirugarren postua oso emaitza ona izango zen, eta laugarren postua oso ondo dagoela iruditzen zait. Lasai nago eta egindako lanarekin gustura. Emaitza edozein izanda, banekien jaitsierako nire azken proba izango zena, aldi berean maite eta gorroto dudalako proba hau. Niretzat oso zaila da korritzea entrenamendu bakarra eginda” aitortu du Santacanak proba bukatu eta berehala Jeongseoneko Zentro Alpinoan.