Iraultza heldu da surf mundura
28-urtarrila-2021

Iraultza heldu da surf mundura

Basque Team Fundazioak eta Euskal Herriko Surf Federazioak 2017an abian jarritako bikaintasun-proiektuak sendotasun, proiekzio eta berrikuntza-gaitasun nabarmenak ditu

Basque Teamek, bere bekadunen artean, Aritz Aranburu, Nadia Erostarbe, Garazi Sanchez edo Andy Criere bezalako goi mailako surflariak ditu, baina surfa programa olinpikoan sartzearekin batera, Fundazioak Euskal Herriko Federazioarekin, epe ertain eta luzera asmo handiak dituen bikaintasun-proiektu bat sortzeko beharra ikusi zuen, hurrengo hitzordu olinpikoetan lehiatzeko edo WCT munduko zirkuitu gorenera iristeko aukerak ere izan ditzaketen beste surflari batzuen talentua indartzeko.

“Surflari onak izateaz gain, surfa gure herriarekin oso lotuta dagoen kirola dela uste dugu, kirol gaztea eta erakargarria, ingurune naturalean, eta Basque Teamentzat bikaintasun proiektu estrategikoa dela uste dugu”, nabarmendu du Olatz Legarza Fundazioko koordinatzaileak. Basque Teametik azpimarratzen da surfa Euskadirekin oso lotuta dagoen kirola dela, gure herria ordezkatu duela Europa eta Mundu mailako txapelketa eta zirkuitu gorenetan eta estatu mailan aitzindaria den federazioa dugula. Tradizioaz gain, Euskadin surfak kirol maila oso altua du, Miyazakin jokatutako azken Munduko txapelketako datuek erakusten dutenez: estatuko selekzioak eraman zituen sei kirolarietatik lau euskaldunak izan ziren.

Hori guztia kontuan hartu da ezaugarri hauek dituen bikaintasun proiektu baten aldeko apustua egiteko, 1989. urtean sortutako Euskal Herriko Surf Federazioak duen esperientziaz lagunduta, gainera. “Guk esparru honetan dugun ezagutza mahai gainean jarri dugu, goi mailako atletei zuzendua dagoen olinpiar proiektu zentralizatu bati forma emanez” azaldu du Mikel Zalakain EHSF-ko ordezkariak (lehiaketa arduraduna).

Basque Teameko bikaintasun proiektua gaur egun bost surflarik osatzen dute: euren kirol emaitzengatik Basque Teamen beka duten Leticia Canalesek eta Ariane Ochoak, eta Ruben VitoriakJanire Gonzalez Etxabarrik eta Bitor Garitaonandiak.

Denak bizi dira Basque Team Zentroan, Getxon kokatuta dagoen goi errendimenduko atletentzako zentroan. Bertan kirol zerbitzu integrala eskaintzen zaie eta haien garapen akademikoa era berezian jarraitzen da, giza-balioei arreta eskainita. Kirolari dagokionez, gainerako proiektuetarako komunak diren Basque Teameko staff biomediko eta teknikoaren laguntza izateaz gain, surfari lotutako bi teknikari berezi ere badituzte: Jatyr Berasaluce, nazioarteko ibilbide luzeko surflaria, ur-teknikari gisa, eta Aritz Yarritu, Athletic Club bezalako erakundeetan esperientzia duen prestatzaile fisikoa. “Basque Team armarik, baliabiderik edo mailarik onena da errendimendu gorenera iritsi nahi duen kirolariarentzat. Nik uste dut ehuneko 200ean hau talde lana dela” dio Berasalucek.

Lehen aipatutako bost surflariak zentroak duen kirolari-egoitzan bizi dira eta elkarrekin lan egiten dute Fadurako giza baliabideak eta instalazioak (gimnasioa, igerilekua, atletismo-pista, barruko kantxa) eta Sopela bezalako herrietako hondartzen gertutasuna aprobetxatuz, banakako kirola talde-kirol bihurtuta. “Egia esan, hau izan da gertatu zaidan gauzarik onenetako bat” adierazi du Janire Gonzalez Etxabarrik. “Aldaketa handia izango da nire bizitzan, mentalitate aldaketa, profesional gisa entrenatzea, egunero-egunero, oraingoa ez den konstantzia batekin” dio Ruben Vitoriak.

I+G Saila, plus esklusiboa

Proiektuaren barruan berrikuntza saila edo “laborategi” delakoa nabarmentzen da bereziki. Azken hiru urteetan, espezialistek lehiaketen eta entrenamenduen azterketa sakona egin dute, aurrekaririk gabeko datu-base erraldoi bat sortuz, ondoren Jatyr Berasaluce eta Aritz Yarritu teknikariek erabakiak har ditzaten.

Azterketa-banku edo I+G sail hori proiektuak ematen duen plusik handienetako bat da, nazioarteko beste ezein egituratan ez baitago antzeko azterketarik. Surflariek zenbat denbora ematen duten lehian zutik, zenbat denbora igarotzen duten erremontatzen, zein den goofy eta regular irabazleen ehunekoa lehiaketetan… ikertu diren arloetako batzuk dira, besteak beste, txapelketetako txandetan portaera-patroiak sortzeko helburuarekin. Bildutako informazio guztia banakako materialarekin eta lan-dinamika espezifikoekin entrenatzeko erabiltzen da. “Badakigu munduan gauzak egiten direla, beste leku batzuetan egiten dena aztertu dugu, baina berrikuntza edo gaurkotasun puntu hori ere eman nahi izan diogu, nolabait aitzindari izateko” dio Mikel Zalakainek.

Honekin lotutako berriak

21-urria-2024

Oihane eta Leire Otaegik, Mikel Unanuek eta Sergio Vezek laugarren bukatu dute talde mistoen Munduko curling txapelketan

Informazio gehiago
15-urria-2024

Lehendakariak kirolari olinpikoak eta paralinpikoak zoriondu ditu Pariseko parte-hartze eta emaitza onengatik

Informazio gehiago
13-iraila-2024

Pariseko Joko Olinpikoak eta Paralinpikoak azken hamarkadetako emankorrenak izan dira Euskal Autonomia Erkidegoarentzat, parte-hartzeari eta emaitzei dagokienez

Informazio gehiago
12-iraila-2024

Iñigo Llopis eta Ander Cepas Basque Teameko kirolariek Pariseko Joko Paralinpikoetan lortutako dominak aurkeztu dituzte etxean

Informazio gehiago
05-iraila-2024

Basque Teameko Nahia Zudaire igerilariak bere bigarren diploma irabazi du, oraingo honetan bular estiloko 100 metroko S7 proban

Informazio gehiago
05-iraila-2024

Ander Cepas Basque Teameko mahai-teniseko jokalariak brontzezko domina ziurtatu du Pariseko Jokoetan

Informazio gehiago