Basque Team Fundazioak diploma jaso du Emakunderen erakunde laguntzaile gisa
Fundazioak genero-berdintasunaren arloan duela urte batzuetatik duen konpromisoa indartu egiten da aintzatespen honekin
Emakundek balioetsi egin ditu Basque Teamek emakumeen eta gizonen berdintasunerako politika bat garatzeko azken urteotan hartu dituen ekintzak eta konpromisoak, eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Erakunde Laguntzailearen aintzatespenaren diploma eman dio Fundazioari gaur Bilboko Azkuna Zentroan egindako ekitaldian.
“Basque Teamentzat errekonozimendu hau oso garrantzitsua da, honen bitartez berdintasunarekin daukagun konpromisoa finkatzen dugulako. Gure helburua honetan lan egiten jarraitzea da. Kirolean legez oraindik ezberdinatsunak oraindik ugariak dira eta gure erantzukizuna hor dago”, adierazi du Olatz Legarza Basque Team Fundazioko koordinatzaileak.
Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna kontzienteki agertzen da Basque Teamen balioen artean. Fundazioak Berdintasunerako I. Plana du, eta etengabeko lankidetza du Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzarekin eta Emakunde-Emakumearen Euskal Institutuarekin. Gainera, aktiboki laguntzen du emakumeen eta gizonen berdintasunaren irismena bilatzen duten kanpaina instituzional nagusiekin, eta bere jarduera guztiek genero-ikuspegia txertatzen dute.
“Guretzat bikaintasuna funtsezko balore bat da eta hori ulertzeko eta lantzeko beharrezkoa da berdintasuna ere bide horretan lantzea. Guk gure jardueretan, gure egunerokotasun horretan genero ikuspegi hori txertau nahi dugu”, gehitu du Legarzak.
Hala, genero-ikuspegia sistematizatutzat jo daiteke bere lan-prozesu guztietan, eta bi ildotan bideratutako jarduerak nabarmentzen dira: bata, emakumeen kirol-erreferenteak babesteari eta ikusarazteari buruzkoa, eta, bestea, kirolariei laguntzeko hainbat zerbitzutan genero-ikuspegia zaintzeari buruzkoa.
“Animatu nahiko nituzke kirolarekin zerikusia duten egitura eta erakundeak Emakunderekin bat egitera ibilbide honetan, danon artean kirola berdintasuneko esparru bihurtzeko” bukatu du Olatz Legarzak.