Basque Team Fundazioak Zilarrezko Bikain Ziurtagiria jaso du
Bilboko Euskalduna Jauregiak Bikain euskararen kalitate ziurtagiriak banatzeko ekitaldia hartu zuen atzo arratsaldean. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea izan zen ekitaldiaren buru. Bertan izan zen Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaran ere. Aurtengoa Bikain ziurtagiriak banatu diren hamabigarren urtea izan da eta guztira 17 erakundek jaso dute; horietatik bederatzik goi mailako urrezko Bikain egiaztatu dute, lauk erdi mailakoa den zilarrezkoa eta beste lauk oinarrizkoa. Euskalduna Jauregian egin zen ekitaldian ziurtagiria jaso duten erakundeetako ordezkariak eta Bikain prozesuaren jarraipena egiten duen Artezkaritza kontseiluko kideak egon ziren. Gainontzekoek streaming bidez izan zuten ekitaldia jarraitzeko aukera.
Euskara lan munduan sustatzea helburu duen proiektu honek enpresa eta erakundeetan euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa egiaztatzen ditu. Aurten osasun egoeraren ondorioz, ebaluazio prozesuak online egin dira lehenengoz.
“Paleta bizia” lemapean egin da gaurko ekitaldia, hain zuzen ere, hizkuntzen kudeaketak duen kolore aniztasuna adierazteko: ahaleginarena, gozamenarena, konpromisoarena, ardurarena.
Lorpen eredugarriak
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiriak ekitaldian azpimarratu zuenez, “eguneroko jarduera sozioekonomikoetan, gure eguneroko lan- eta antolakuntza-jardueretan euskarak bere lekua izan dezan, elkartez-elkartez, enpresaz-enpresa, erakundez-erakunde zailtasun eta eragozpen askoren gainetik egindako lana, ahalegina eta lorpenak eredugarriak izaten ari dira”. Zupiriak gaineratu zuenez, “bikaintasunaren aldeko jarrera horri esker, enpresa eta zerbitzu horietan bizirik dago euskara, mugimenduan, hornitzaileekin edo herritarrekin izaten dituzuen eguneroko harremanetan eta ekoizpen-prozesu eta erabakiguneetan”.
Hala ere, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak aurretik dauden zereginak ere azpimarratu zituen “gauza asko dago – daukagu – oraindik eginkizun, euskarak lan-munduan dagokion ezarpen eta erabilpen-maila lortu arte. BIKAIN-Sarion eragiletzak eta aitorpenak eragozpen asko gainditu beharko ditu oraindik ere, baina, zailtasunak-zailtasun, jarrera izango da beti aurrera egiten lagunduko diguna. Bikaintasunaren jarrera.”