Paiju Peak espedizioa oinarrizko kanpalekura iritsi da bi eguneko ibilaldia burutu eta gero
19-ekaina-2013

Paiju Peak espedizioa oinarrizko kanpalekura iritsi da bi eguneko ibilaldia burutu eta gero

Bihar bertan saiatuko dira Iñurrategi, Vallejo eta Zabalza aukeratutako bidea aztertzen

2013ko ekainaren 19a.- Gaur iritsi dira Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza oinarrizko kanpalekura eta bertatik behin bakarrik igo den 6.610 metroko Paiju Peak mendian bide berri bat zabaltzen saiatuko dira.

Bi jardunaldiko trekkinga burutu dute hiru mendizaleek, sei ordu eguneko, Askoleko herrixkatik egokitze fasea hasiko duten lautadara iritsi arte. Gaur jakitera eman digutenez arazorik gabe ibilaldia izan da (Islamabadetik Skardura behar izan zituzten 36 orduekin oso bestelako bidaia), garai honetan ohi denez beroa bidelagun izan dutelarik.

Igotzeko asmoa duten paretatik espero baino urrutiago ezarri behar izan dute oinarrizko kanpalekua, mendiaren magalean aurkitu dituzten beste guneak oso irregularrak edota urik gabekoak baitziren, Basque Teameko hirukoteak bertatik bertara egiaztatu duenez. Oztopo nagusia 1.500 metroko desnibela izango da lur malkartsu eta gorabeheratsuan , kontutan izanda igoera abiatzeko ekipamendu guztia eraman beharko dutela. Ezarri duten kanpalekuan ez dago estaldurarik eta oztopo honek espedizioaren berri emateko mugitzera behartuko ditu.

Dena dela mendizaleak gogotsu daude Paiju Peakeko igo gabeko hegoaldeko aurpegia gertutik aztertzeko gainean duten nekearen gainetik eta bihar bertan balizko bidearen ikuskapena egin nahi dute.

Basque Team taldea osatzen duen Iñurrategi, Vallejo eta Zabalza hirukoak zazpigarren egitasmoa izango du elkarrekin. 2009. urteaz geroztik, goi mailako hiru eskalatzaileok erronka ederrak hartu dituzte miran: Makalu, Hornbein, Broad Peak, Nuptse eta Antartikako zeharkaldia kometa bidez tiratutako lerekin. Aurrekoetan bezala BBK/Kutxabank-ek eta Naturgas-ek babestuko dute espedizioa.

Honekin lotutako berriak

05-iraila-2024

Basque Teameko Nahia Zudaire igerilariak bere bigarren diploma irabazi du, oraingo honetan bular estiloko 100 metroko S7 proban

Informazio gehiago
05-iraila-2024

Ander Cepas Basque Teameko mahai-teniseko jokalariak brontzezko domina ziurtatu du Pariseko Jokoetan

Informazio gehiago
03-iraila-2024

Asier Garciaren selekzioa gurpildun aulkiko saskibaloiko dominen lehiatik kanpo geratu da, Parisko Jokoetan

Informazio gehiago
02-iraila-2024

Iñigo Llopisek bere bigarren domina irabazi du Parisko Joko Paralinpikoetan

Informazio gehiago
02-iraila-2024

Rakel Mateo Basque Teameko kirolariak hamargarren amaitu du Pariseko Jokoetako paratriatloia

Informazio gehiago
01-iraila-2024

Heïdi Gaugain txirrindulariak zilarra bereganatu du 3.000 metroko jazarpen proban

Informazio gehiago