"Kirolarien talentuak balio erantsia ematen dio enpresari"
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren eta Enplegu eta Gazteriako sailburuordearen presentzia izan duen Basque Teamek eta Estrategia Empresarialek antolatutako jardunaldian, behin goi mailako ibilbidea bukatuta, kirolariak lan munduan integratzearen garrantzia azpimarratu da
Estrategia Empresarialek eta Basque Team Fundazioak antolatutako ‘Enpresetarako kirol-talentua eta balioak’ izenburua izan duen jardunaldia gaur gauzatu da Donostian, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Marcos Muro Enplegu eta Gazteriako sailburuordea, Maialen Chourraut Rio 2016 eta Londres 2012ko dominaduna, Xabier Etxaniz piraguismoko estatu mailako selekzioko entrenatzailea, Alejandro Barrenechea Sydney 2000 eta Atenas 2004ko gimnasta olinpikoa eta egun Santander eta Popular banketxeetako Euskadiko Merkataritza zuzendaria eta Juncal de Lucas Salto Systems Giza Baliabideen arduraduna bertan izan direla. Ekitaldiak euskal enpresetako, politikako eta kirol munduko 80 bat pertsona bildu ditu.
Kirol arloan bikaintasunezko emaitzak bultzatzeaz gain, behin euren kirol ibilbidea bukatuta, fundazioak kirolariei lan munduan sartzeko laguntza eskaintzen diela azpimarratu du Legarzak. Iaz Basque Teamek euskal patronalekin akordioa sinatu zuen eta bide horretan lanean jarraitzen du kirolarien eta enpresen arteko gerturatzea sustatzeko.
Olatz Legarzak egindako irekieraren ondoren, Estrategia Empresarialeko kontseilari-delegatua den Roberto Urkitzak gidatutako mahai-ingurua etorri da. Bertan kirolarien formakuntzaren garrantzia eta enpresek kirolariek duten balio erantsia euren egituretan txertatzeko beharra azpimarratu dute.
Maialen Chourraut piraguistak aitortu du lan-mundua ezezaguna dela kirolari gehienentzat, baina formakuntza gero eta handiagoa dela. Bere entrenatzaileak, Xabier Etxanizek, eliteko kirolariek gehienetan duten umiltasuna eta ikasten jarraitzeko gaitasuna nabarmendu du.
Juncal de Lucasek adierazi du kirolariek egoera bereziei egin behar dietela aurre, eta euren formakuntzaz gain enpresentzako aberasgarriak izan daitezkeen esperientziak eskaini ahal dituztela. Zentzu horretan ere hitz egin du Alejandro Barrenecheak: “Kirolak lan-mundura ekartzeko modukoak diren gauzak ematen ditu, tartean helburuen lorpena, porrotaren kudeaketa, esfortzua, lehiakortasuna, talde-lana…”.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Marcos Muro Enplegu eta Gazteriako sailburuordeak itxi dute ekitaldia, “Basque Teamek kirolariei sostengua eman behar die, ez soilik lehiaketa epean, baita goi maila alboratzen dutenean ere”, adierazi du Zupiriak. Bestalde, patronalen eta Basque Teamen arteko akordioa beharrezkotzat jo du Murok, bai enpresentzat, bai kirolarientzat, eta kooperazio horretan lanean jarraitu behar dela baieztatu du.
Jardunaldiaren bukaeran Maialen Chourrautek sinatutako kamiseta batzuk eman dizkie Orona, Ternua Group eta Salto System enpresetako ordezkariei, oroigarri gisa. Horiek dira Basque Teamek eta patronalek martxan jarritako kolaborazio akordioa sinatu duten enpresetako batzuk.