Kerman Lejarraga boxeolaria Basque Teamen sartu da
Fundazioak modalitate bakoitzean mundu mailan onenak diren euskal kirolariak eduki nahi ditu bere baitan, eta horien artean izango da hemendik aurrera ‘Morgako errebolberra’
Goi mailako euskal kirola sustatzeko 2007an Eusko Jaurlaritzak eta EiTB irrati-telebista publikoak sortutako Basque Team fundazioak gaurtik aurrera bere egituraren barruan izango du Kerman Lejarraga boxeolaria. Basque Team fundazioak elite mailako euskal kirolariak bekatzen ditu kirol ez profesionaletan. Boxeoa kirol profesionala da, baina fundazioak egungo euskal kirolari onenak izan nahi ditu, hori dela eta, Kerman Lejarragari irudi-eskubide kontratua egingo zaio, gaur Biboko Mampo gimnasioan egindako prentsaurrekoan jakitera eman denez. Gaurko ekitaldian Kerman Lejarragarekin izan dira Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisiko eta Kirolaren zuzendaria, Olatz Legarza Basque Team fundazioko koordinatzailea eta Bartolome Torralba Euskal Boxeo Federazioko presidentea.
Kerman Lejarragak euskal boxeoaren garai onenak berreskuratu dituela azpimarratu behar da. Kermanek aurtengo apirilean Miribilla Arenan Bradley Skeete ingelesaren kontra bigarren roundean K.O. teknikoz lortutako garaipenaren ondoren, euskal boxeoak Europako txapeldun bat izan zuen 45 urteren ostean.. Kerman Lejarragak 1972. urtean txapeldun izandako Agustin Senin (‘Iralako tigrea’) bilbotarraren lekukoa hartu zuen.
Morgan (Bizkaia) 1992ko otsailaren 19an jaioa, Kermanek profesional mailara salto egin zuen 2013an Casillako polikiroldegian, Bilbon, eta harrezkero ez du porrotik jasan: 26 borroka irabazi ditu, horietatik 21 K.O.z
Kerman Lejarraga welter pisuko egungo Europako txapelduna da eta gainera postuak igotzen dabil etengabe hainbat zerrendatan: IBF ranking-ean (International Boxing Federation) bosgarren dago eta WBC (World Boxing Organization) raking-ean laugarren. Gainera WBA-ren (World Boxing Association) zerrendan zortzigarren jarri da; beraz, ‘Errebolberra’ mundu mailako erakunde guztietako Top 10-en barruan dago gaur egun.
Bere kirol arrakastez gain, Basque Team Fundazioaren ardatz diren baloreak ditu Kermanek. Ondo ezagutzen dutenek duen sakrifiziorako ahalmena azpimarratzen dute. Egunean hiru aldiz entrenatzen da (lasterketa, teknika eta fisikoa), oso serioa da bere lanean eta bere entrenamenduak erabat zaintzen ditu. Bere inguruarekiko eta bere lanarekiko konpromiso handia du Kermanek. Entrenamendu bakoitzean ehuneko 120 ematen du eta maila hori eskatzen die egunero berarekin dauden pertsonei. Entrenatzaileek bere profesionaltasuna azpimarratzen dute, borroken aurretik eta borroka egunetan bertan ere.
Kerman Lejarragak aitortzen du ez zela ikasle ona, liskarretan sartzen zela eta talde ultrekin ere harremanak izan zituela. Dena den, hori guztia albo batera utzi zuela dio, kirolak salbatu egin zuelako. Orain kirolak dituen baloreen ordezkaria da eta hori bat dator Basque Team Fundazioaren oinarriekin. “Biolentzia ez dago justifikatuta inongo kiroletan” esan du behin baino gehiagotan. Kermanek esan du berarentzat familia eta lagunak direla bere bizitzaren ardatz.
Kerman pozik azaldu da Basque Teamen parte izateagatik. Azpimarratu du eliteko kirolariak egin beharreko bidea zaila dela eta Basque Teamek eskainitako zerbitzuek erronkak lortzeko asko lagunduko diotela.
Tituluaren defentsarako borroka
Azaroaren 17an Kerman Lejarragak welter pisuko Europako titulua defendatuko du Barakaldoko BECen Frankie Gavin ingelesaren aurka. Askok esan dute urteko borroka garrantzitsuena izango dela. Lehen aldiz defendatuko du Morgako boxeolariak welter pisuko gerrikoa.
Gavinek, mundu mailako amateur kategoriako urreak, 32 urte ditu eta 26 garaipen (15 KOz) eta 3 porrot pilatzen ditu. Urte bat eta hiru hilabete daramatza borrokatu barik. Horrek eta Kerman Lejarragak Skeeteren contra apirilean lortutako garaipenak Lejarraga faborito egiten dute. Gavinek dio Kerman Kell Brook munduko txapelduna bezain gogorra dela. Kermanek, bestalde, azpimarratzen du ezkertiar baten kontra aritzea beti izaten dela zaila. Bere ustez Skeete defentsiboagoa zen, eta ez zituen borroka gogorrak bere curriculumean, Gavinek bezala.