Jone Magdaleno taekwondista Poloniako Europako Jokoetako lehen kanporaketan geratu da at, -62 kiloko kategorian
Jone MagdalenoJone Magdaleno Basque Teameko kirolariak ez du bere lehen borrokaldia gainditu -62 kiloko kategoriako final-hamaseirenetako kanporaketan, Krakovia-Malopolskan egiten ari diren Europako Jokoetan. Bilboko taekwondistak Aaliyah Jadine Powell britainiarraren aurka jokatu du, Bakun (Azerbaijan) maiatzaren amaieran jokatu zen Munduko Txapelketan brontzezko domina lortu zuen kirolariaren aurka, eta ezin izan du gainditu. Hala ere, Jonek borrokaldiaren amaieran adierazi du oraingoan xehetasun txiki batzuk baino ez zaizkiola falta izan, aurreko Munduko Txapelketan izan zuten borrokarekin alderatuta. Powellek 0-3 irabazi du lehen roundean, eta 1-5 bigarrenean.
Porrotaren ostean, Jonek errepeskan sartzeko aukeraren zain egon behar izan du, baina ez du lortu, Powellek, lehen kanporaketan aurkari izan duenak, finalerdietan galdu baitu Sarah Chaari belgikarraren aurka.
Jone penatuta geratu da ezin izan duelako bere ahalmen guztia erakutsi. Gogoratu behar da bere mailako Europako txapelduna izan zela 2022an.