Jon Santacanak bigarren domina lortu du Tarvisioko Munduko Txapelketan
Ikusmen mugatua duen Jon Santacana donostiarrak, eta Miguel Galindo bere gidariak paralinpiar eskiko Tarvisioko Munduko Txapelketan euren bigarren domina jantzi dute gaur, erraldoian brontzea eskuratuta.
Mac Marcouxek eta Jack Leitch kanadiarrek osatutako bikoteak eraman du urrea eta Giacomo Bertagnolli eta Fabrizio Casal italiarrek zilarra.
Gaurkoa Santacanak eta Galindo munduko txapelketa honetan jokatutako laugarren proba da. Jaitsieran zilarrezko domina irabazi zuten, super-erraldoian eroriko bat izan zuten eta super-konbinatuan laugarren postuan bukatu zuten.
Bihar txapelketako azken proba jokatuko dute: eslalona.
Brontze honekin Jon Santacanak eta Miguel Galindok 13 domina pilatzen dituzte (6 urre, 4 zilar eta 3 brontze) bost Mundialetan. Jon Santacana lorpen gehien duen eskiatzaile paralinpikoa da estatu mailan. Europako Kopetan eta Munduko Txapelketetan hainbat garaipen ditu eta zortzi domina pilatzen ditu lau Paralinpiar Jokotan, hiru urrezkoak (Salt Lake City 2002, Torino 2006, Vancouver 2008 eta Sotxi 2014).