Iñurrategik, Vallejok eta Zabalzak "hegan" egin dute Groenlandiako izotzean hamaika ordutan 265 kilometro eginez
500 kilometro bain gutxiago falta zaizkie kostaldean dagoen Thuleko herrixkara iristeko
Bilbo, 2011ko ekainaren 9a. ”¡Sinestezina, hegan zoazte!” une oro Iñurrategi, Vallejo eta Zabalzaren espedizioa jarraitzen ari den meteorologoak utzitako mezuak argi adierazten du zein den egoera. Kilmetro sorta ederra bildu dituzten NATURGAS/BBK TRANSANTARTIKA espedizioko kideek Groenlandian burutzen ari diren zeharkaldian: 265 kilometro egin zituzten atzo 11 ordutan, 25 kilometro orduko abiaduran. Haize baldintzak hain ziren egokiak kometekin aritzeko, BAT Basque Team Desafioko mendizaleek 11 ordu luzez zailena norabidea mantentzea zela jakinarazi ziguten.
100 kiloko zama daraman lera batekin “hegan” egitea ez da batere erraza: “ Oso nekatuta gaude baina pozik; gaur inoizko baldintzarik onenak izan ditugu baina alderoka ibili behar izan dugu norabidea mantentzeko”. Izan ere, atzo egindako 265 kilometroak 228 baino ez dira Thule herrixkara mapan lerro zuzen bat eginez.
Aurrerapauso honek eta datozen orduetarako iragarpenak mendizaleen umorean ere izan du eragina, “hemendik aurrera kontu handiz ibili beharko dugu norabidearekin ez badugu nahi Kanadara joatea” gaineratu zuten.
Atzo ezarritako kanpalekua helmugatik 500 kilometro baino gutxiagoko distantziara zegoen marra zuzenean. Dena dela, amaiera arte bete beharreko kilometroak mendizaleen habileziaren arabera neurtu beharko dira, ahalik eta gutxien okertzea da helburu nagusia.
Ez da hau albiste pozgarri bakarra izan, Iñurrategik, Vallejok eta Zabalzak aurreko egunekin alderatuta 2.600 metroko garaieratik 500 metro egin dute behera, tenperaturak hain muturrekoak ez izatea eraginez: “Thule-tik lehen hegaldia hartzearekin amesten ari gara, 15ean aterako dena, bestela beste astebetez itxaron beharko genuke”.
Eguraldi iragarpena zoragarria da datozen egunetarako, Groenlandiak maiz agertzen diren “haize katabatikoak” azalduko dira eta ez da aurreikusten prezipitaziorik. Hotza ere ez da sekulakoa izango, zero azpiko 10 gradu (larunbatean zero azpiko 3) baxuena eta altuena berriz 0 gradukoa”