Iñigo Peñak zazpigarren amaitu du K4-500 metroko finala Municheko Europako Txapelketan
20-abuztu-2022

Iñigo Peñak zazpigarren amaitu du K4-500 metroko finala Municheko Europako Txapelketan

Iñigo Peña

Aitor Gorrotxategi laugarren izan da K1-1.000 metroko B mailako finalean

Iñigo Peñak, Carlos Garrote, Cristian Toro eta Lazaro Lopezekin batera, ezin izan du gaurkoan podiumera igo Municheko estropada zentroan. Basque Teameko piraguistak eta bere ontziko kideek zazpigarren postuan amaitu dute K4-500 metroko A mailako finala.

Programa olinpikoan sartutako proba da, eta, beraz, kirolariek ahalik eta gehien ematen dute garaipena lortzeko. Loria dago jokoan, eta, kasu askotan, emaitzen araberako bekak eta laguntzak.

Iñigok Munichera joandako Basque Teameko komunikazio taldeari adierazi dionez, finalerdia gaur goizean bertan jokatu behar izateak eragina izan du lasterketaren azken zatiari aurre egin ahal izateko geratzen zitzaizkien indarretan. Bere taldekideak esprinter distantzietara ohituagoak daude eta goiz berean 500 metroko bi lasterketa egin behar izatea ahalegin handiegia izan da.

Goizean, finalaurrekoan, bigarren bukatu du lauko ontziak. Bikain hasi dira, lehen postuan jarri dira eta bigarren 250 metroetan bakarrik gainditu ditu Eslovakiak. Helmugan sartu dira 1:21.522ko (+0.660) erregistroa markatuz. Hiru ontzirik onenak finalera pasatzen ziren.

Finalean ez dira gaizki atera, baina indarra galdu dute estropadak aurrera egin ahala. Gainerako aurkariak gehiago izan dira, eta Peñaren taldeak zazpigarren postuarekin konformatu behar izan du 1:22.206 (+1.924) denbora eginez, Alemania, Eslovakia, Frantzia, Hungaria, Ukraina eta Lituaniaren atzetik geratuz.

Bihar iñigok bere hirugarren finala jokatuko du Municheko Europako Txapelketetan. Paco Cubelosekin lehiatuko da berriz ere, K2-1.000 proban, iragan olinpiar zikloan sekulako poza eman zion proban. Besteak beste, Tokioko Jokoetan diploma eman zion proba honek.

Bestalde, Aitor Gorrotxategik, Basque Teamek eta Euskadiko Piraguismo Federazioak bultzatutako bikaintasun-proiektuko kideak, laugarren egin du K1-1.000 metroko B mailako finalean.

Honekin lotutako berriak

26-uztaila-2026

Miren Lazkanok brontzezko domina irabazi du Oklahoma hiriko Munduko Txapelketako kayak kroseko proban

Informazio gehiago
25-uztaila-2026

Miren Lazkano Basque Teameko piraguistak hamaikagarren amaitu du Oklahomako Munduko Txapelketako kanoako finalean

Informazio gehiago
25-uztaila-2026

Miren Lazkano finalera pasatu da Oklahomako ur bizietako Munduko Txapelketan, eta Klara Olazabal dominen lehiatik kanpo geratu da

Informazio gehiago
24-uztaila-2026

Maialen Chourrautek zazpigarren amaitu du Oklahomako Munduko Txapelketan eta Pau Echanizek hamargarren

Informazio gehiago
23-uztaila-2026

Basque Teameko Maialen Chourraut eta Pau Echaniz piraguistak Oklahomako Munduko Txapelketako kayakeko finalera pasa dira

Informazio gehiago
23-uztaila-2026

Miren Lazkano eta Klara Olazabal Basque Teameko piraguistak kanoako finalerdietara pasatu dira Oklahomako Munduko Txapelketan

Informazio gehiago