Iñigo Peñak diploma olinpikoa irabazi du Tokioko Jokoetako K2-1.000 metrokoan
05-abuztu-2021

Iñigo Peñak diploma olinpikoa irabazi du Tokioko Jokoetako K2-1.000 metrokoan

Basque Teameko piraguistak, Paco Cubelos ontzikidearekin batera, seigarren postuan bukatu du

Iñigo Peña eta Paco Cubelos ziren K2-1.000 metrokoan domina bat irabazteko faboritoak, baina ezin izan dute lortu. Dominak garesti saltzen dira munduko kirol-ekitaldi handienaren finaletan.

“Pixka bat atsekabetuta gaude. Helburua domina zen eta ezin izan dugu lortu. Ziklo olinpikoa biribildu nahi genuen eta ezin izan dugu egin”, onartu dio Iñigo Peñak Tokiora joandako Basque Teameko komunikazio taldeari.

Peña eta Cubelos, Rioko Jokoen ondoren, euren elkarlanera eta bote berri batera azkar  egokitu izanak, euren lehen urtean elkarrekin lortutako munduko errekorrak, 2018an eta 2019an Munduko txapelketetan erdietsitako bi zilarrek eta egindako azken testek, ziuraski, podiumera igoko zirela pentsatzeko arrazoiak ematen zituzten. Atzoko sailkapen seriean, final-laurdenak jokatu behar izan gabe, nola irabazi zuten ikusteak ere, ametsetan jarraitzeko arrazoiak ematen zituen.

Hala ere, gaurko jardunaldia ez da batere erraza izan. Peñak eta Cubelosek bigarren finalerdian paleatu dute, oso ontzi indartsuekin indarrak neurtuz, hala nola munduko txapeldunarekin, Alemaniarekin, txandaren lider izan dena eta 3.17.554ko denbora egin duena. Iñigo eta Pacoren ontziak laugarren postuan bukatu du, 3:19.133ko denborarekin. Beste finalerdian, eguneko lehenengoan, finalerako sailkatu diren lau ontzien markak nabarmentzekoak izan dira: Australia (3:17.077), Zeelanda Berria (3:17.684), Txina (3: 17.784) eta Txekiar Errepublika (3: 18.240).

Gauzak horrela, finala inoiz baino gogorragoa izango zela ematen zuen. Finalerdiko laugarren postuak finala zortzigarren kaletik jokatzera behartu ditu Cubelos eta Peña. Haizeak ez die mesede egin, baina Peñak esan duenez, hori ez da aitzakia.

“Finalerdian indarrak gorde nahi izan ditugu, bi lasterketak oso jarraian genituelako eta laugarren postuak zortzigarren kalera eraman gaitu. Hasiera batean hori ez zen arazoa, kanpotik joatea gustatzen zaigulako, gure estropada eginez. Gero ikusi dugu bat, bi, hiru eta lau kaleak babestuago zeudela, baina ez da aitzakia “, esan du Peñak.

Pacok eta Iñigok irteera ona egin dute, ontzia ondo bideratu dute hasierab, baina 250 metrotik pasatzean bosgarren postuan zeuden (+1.20), 500 metrokoan zazpigarrenak ziren (+3.08) eta 750 metrokoan ere zazpigarrenak. Azkenean, azken 250 metroetan posizioa hobetzea lortu dute, seigarren helmugaratu dira 3:17.323 denborarekin (+2.047), Australia, Alemania, Txekiar Errepublika, Hungaria eta Zeelanda Berriaren atzetik, eta Bieloerrusiaren eta Txinaren aurretik.

“Zikloan zehar emaitza hobeak lortu ditugu, baina ez goaz burumakur estropada ona egin dugulako”, adierazi du Basque Teameko piraguistak.

Gaurkoa Iñigo Peñak lortutako bigarren diploma olinpikoa da, 2016ko Rio de Janeiron K4-1.000 metroko lasterketan erdietsi baitzuen lehena, bosgarren postua lortu ostean.

Honekin lotutako berriak

03-abendua-2024

Euskararen Nazioarteko Eguna eta Basque Team

Informazio gehiago
25-azaroa-2024

Basque Team eta Emakumearen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna

Informazio gehiago
21-urria-2024

Oihane eta Leire Otaegik, Mikel Unanuek eta Sergio Vezek laugarren bukatu dute talde mistoen Munduko curling txapelketan

Informazio gehiago
15-urria-2024

Lehendakariak kirolari olinpikoak eta paralinpikoak zoriondu ditu Pariseko parte-hartze eta emaitza onengatik

Informazio gehiago
13-iraila-2024

Pariseko Joko Olinpikoak eta Paralinpikoak azken hamarkadetako emankorrenak izan dira Euskal Autonomia Erkidegoarentzat, parte-hartzeari eta emaitzei dagokienez

Informazio gehiago
12-iraila-2024

Iñigo Llopis eta Ander Cepas Basque Teameko kirolariek Pariseko Joko Paralinpikoetan lortutako dominak aurkeztu dituzte etxean

Informazio gehiago