Iker Martinez eta Xabi Fernandez apirileko
24-apirila-2012

Iker Martinez eta Xabi Fernandez apirileko "BAT to London 2012" saioko protagonistak izango dira

Euskal kirolari olinpikoen inguruko albiste guztiak bihar, 22:00etatik aurrera, ETB-SATen

 2012ko Apirilaren 24a.- Amaierara iristear da “BAT to London 2012” saioa Jokoetarako ehun egun baino gutxiago falta direnean. Hilabetero, ETB-SATen bitartez Londresen izango diren euskal kirolarien berri ematen du programak eta biharkoan, apirilaren 25ean, bi protagonista nagusi izango ditu apirileko atalak; Iker Martinez eta Xabi Fernandez estropadalariak batetik, eta Cespa Euskadi txirrindularitza taldea bestetik. Iñigo Asensiok aurkeztuta 22:00etan emitituko den saioan Mikel Lasa futbolaria, Reala eta Athletic-en aritutakoa, jokoetan izandako esperientzia bikainaz mintzatuko da eta, nola ez, urrezko domina irabazteak eragindako pozaz.

Londreseko hitzorduaren inguruan Brasilgo Italaí hiritik hitz egin dute Iker Martinezek eta Xabi Fernandezek, bete-betean baitaute Volvo Ocean Race proban lehiatzen, Espainiako bela federazioak bikotearen parte hartzea baieztatu eta gero. Ingalaterrako hiriburuan 49er mailan hirugarren dominaren bila aterako da bikote euskalduna, Atenasen urrea eta Beijingen zilarra eskuratu ondoren. Sasoiko egon arren (2011n munduko estropadalari onenak izendatu zituzten) erronka ez da batere samurra izango egutegiak atseden gutxi ematen dielako. Volvo Ocean Race-a uztailaren hasieran amaituko da eta oso denbora gutxi izango dute Weymouth-eko estropada eremuan erabiliko duten ontziarekin entrenatzeko.

“BAT to London 2012” saioko beste atal nagusia Cespa Euskadi taldeak beteko du, eta bertako txirrindularien artean Londresen izateko aukerak dituen bakarra Hodei Mazkiaran nafarra da gaur egun. Ikusleek talde apal honen eguneroko lana ezagutu ahal izango dute, pistako goi mailan aritzeko dituen zailtasun ekonomikoen gainetik kirol-ibilbide bikaina duten txirrindulariek osatzen dute, hala nola, Unai Elorriaga pistard zaildua (Munduko Kopako irabazlea puntuazioan) edota etorkizun oparoa duen Tania Calvo, azken unera arte Jokoetarako sailkatzear egon dena. Denboraldiari errepasoa emango diote hirurek eta baita hurrengo hilabetetarako dituzten ametsak plazaratu.

Jokoetan izandako euskaldunen atalean Mikel Lasa Bartzelona 92an izandako parte-hartzeaz jardungo da luze eta zabal. 20 urte bete dira aurten lortutako balentriaz eta gipuzkoarrak bizi izandako momenturik hunkigarrienak ez dituela ahaztu erakutsiko digu. Lasarekin batera, Guardiola, Ferrer, Luis Enrique, Kiko, Alfonso, Amavisca eta Billabona gipuzkoarrak osatzen zuten, besteak beste, Poloniaren aurka 90.minutuan finala irabazi zuen “urrezko” selekzioa.

Saioa oraindik sailkapena lortzear dauden euskal kirolarien inguruko berriekin osatuko da (tartean Maide Undak jokatutako preolinpikoa) eta Londres hiriari eskainitako atalean segurtasun neurriak izango dute hizpide saioak eta baita Jokoetarako eraiki diren instalakuntzen desmuntaia eta hauen berrerabilpena.

Honekin lotutako berriak

14-uztaila-2026

Basque Teamek 81 kirolari bekatuko ditu 2026an

Informazio gehiago
16-ekaina-2026

Larru berria, amets bera: Basque Teamek ekipamendu berria aurkeztu du LA28ko ziklorako

Informazio gehiago
18-maiatza-2026

ZORU PELBIKOA: Aktibazioa eta erlaxazioa

Informazio gehiago
12-maiatza-2026

ZIKLO MENSTRUALA: Beharrezkoa osasunerako eta errendimendurako

Informazio gehiago
12-maiatza-2026

Taburik eta isilunerik gabe, GELDIEZINAK-IMPARABLES proiektuak emakumeen kirola eraldatzeko lanean jarraitzen du

Informazio gehiago
08-maiatza-2026

‘Matx’ podcastaren, goi mailako euskal kirolarien beste aldea erakutsiko duen saioaren, bigarren denboraldia hasiko da

Informazio gehiago